Gizartea -
Koronabirusa
300.000 ume baino gehiago irten ahalko dira kalera EAEn igandetik aurrera
Eustaten arabera, Araban da handiena 14 urtetik beherako biztanleen multzoa, lurraldez lurraldekoa erkatuta.
Agentziak | Erredakzioa
Igandetik aurrera, 14 urtetik beherako neska-mutilak kalera irten ahalko dira ordubetez, eta neurri horrek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 301.816 umeri eragingo die zehazki, populazioa osoaren % 13,8ri.
Eustatek ostiral honetan azaldu duenez, 2019ko urtarrilaren 1eko datuen arabera, Araban dago adin tarte horretako biztanleen ehuneko handiena, arabarren % 14,9k baitute 14 urte baino gutxiago, 48.751k guztira.
Bizkaian, 149.922 daude, lurraldeko populazioaren % 13,1, eta Gipuzkoan 103.143, herritar guztien % 14,4.
Hiriburuei dagokienez. Gasteizen 0 eta 14 urte bitarteko 36.391 pertsona bizi dira, populazioaren % 14,8; Bilbon 40.749 haur eta gazte daude adin tarte horretan, % 11,9; eta Donostian 22.418 dira, herritar guztien % 12,3.
Arabako 51 udalerrietatik, 18tan bakarrik da 0 eta 14 urte artekoen ehunekoa lurraldeko batez bestekoa baino handiagoa. Deigarria da Oionen % 20,8 direla, eta atzetik Dulantzi (% 20,5), Agurain eta Iruña Oka (% 18,8, bietan) daude.
Bizkaian 112 udalerri daude, eta 79tan daude lurraldeko batez bestekoaren gainetik 0 eta 14 urte neska-mutilen ehunekoan, baina, Etxebarrin (hor daukate ehuneko handiena, % 20,1) izan ezik, ezein udalerritan ez daude % 17tik gora.
Gipuzkoako 88 udalerrietatik 71k dute batez bestekoa baino ehuneko handiagoa 0 eta 14 urte bitartekoen kopuruan, baina txikiagoa dutenen artean Donostia, Irun, Errenteria eta Eibar daude, lurralde osoko populazioaren % 60 batzen duten udalerriak.