Gizartea -
Koronabirusa
Arabarrak balkoietara atera dira San Prudentzio bezperako erretreta ospatzeko
Konfinamendurako neurriak direla eta, ohiko ekitaldiak bertan behera geratu dira eta herritarrak ezin izan dira kalera atera, baina, edonola ere, ospatzeko modua bilatu dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Koronabirusaren pandemia dela eta, San Prudentzio jaiak ospatzeko ekitaldiak bertan behera utzi behar izan dituzte, baina, hala ere, herritarrak etxeko balkoietara eta leihoetara atera dira Arabako patroiaren omenez ohiko erretreta jotzeko.
San Prudentzio bezperan, milaka gasteiztarrek txiki uzten dute plaza erretreta bertatik bertara ikusteko. Aurten ezinezkoa izan da, baina danborrada etxeko balkoietara aterata egin dute, Gasteiz Batera zaintza sarearen ekimenez.
Bi astez aritu dira entseguak egiten, eta, nola ez, Leire Betolaza danborradako zuzendariak ere ekimenarekin bat egin du.
Maite Ruiz de Austri animaziozko filmen zuzendariak, berriz, pregoi birtuala eskaini du, eta zuzeneko konexioa egin du aurreko edizioetako pregoilariarekin.
Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak ere agerraldi telematikoa egin du. Foru Aldundiaren babesa eta elkartasuna helarazi die koronabirusarekin gaixorik daudenei, osasun arloko langileei, etxeetan konfinatuta dauden herritarrei eta pandemiaren ondorio ekonomikoak pairatzen ari diren langileei.
"Jaia zuen etxeetan ospatzeko eta balkoietara eta leihoetara ateratzeko animatzen zaituztet. Bihotzez, onena opa dizuet. Ziur nago arabarrontzat garai hobeak etorriko direla", adierazi du.
Gasteizen ez ezik, Arabako beste hainbat herritan ere irten dira balkoietara erretreta jotzeko.
Laudio eta Amurrioko bizilagunek, adibidez, danborrez gain, lapikoak eta ontziak ere astindu dituzte.
Herritarrek eta eragile sozialek hamaika ekimen jarri dituzte abian, eta Foru Aldundiak horiekin bat egin du. Ezohiko ospakizuna sare sozialetan ere zabaldu da #ArabakoJaiakEtxezEtxe traolarekin.
San Prudentzio egunean, 09:00etan, "Arabako Zortzikoa" interpretatuko dute Jauregi Etxearen eskaileretan, eta, ondoren, Arabako bandera masta erdiraino igoko dute, "Agur Jaunak" abestu bitartean. Ekitaldia amaitzeko, minutu bateko isilunea egingo dute koronabirusak jota hil diren pertsona guztien omenez (1.600 baino gehiago Hego Euskal Herrian eta 338 Araban).
BIDEOA | Iñigo Manuel dantzariak seme-alabekin ospatu du San Prudentzio bezpera
BIDEOA | Erretreta hunkigarria, Gasteizko Arriaga auzoko balkoietatik
BIDEOA | Indarra Kultur Elkarteak San Prudentzioko zortzikoa dantzatu du etxetik
BIDEOA | San Prudentzio bezperan, perretxikoak eta karakolak afaltzeko