Itxi

Gizartea

Gipuzkoa

Martxoan Donostian izandako hilketa baten ustezko egilea atxilotu dute

eitb.eus

Biktima, 46 urteko donostiar bat, labankadaz hil zuten. Emakume bat ere atxilotu dute Irunen, ustez krimena estaltzeagatik.

Ertzaintzak polizia-aurrekariak dituen 25 urteko gizon bat atxilotu du, martxoaren 14an Donostiako Gros auzoko Katalunia Plazako haur-parkean arma zuri batez egindako hilketaren ustezko egilea delakoan. Halaber, 28 urteko emakume bat atxilotu du Irunen, ustez krimena estaltzeagatik.

Agenteek Gros auzoko bi etxebizitza miatu dituzte, eta gertaerekin lotutako hainbat ebidentzia aurkitu dituzte.

Ikertzaileek susmatzen dutenez, erasoa eragin zuen gertakaria aldez aurretik gertatu zen, 06:00ak baino minutu batzuk lehenago, Katalunia plazatik gertu dagoen ostalaritza-establezimendu baten barruan, biktimaren eta erasotzailearen artean.

Bi gizonak lokaletik atera eta Kale Nagusira abiatu ziren, oinez. Handik gertu dagoen haur-parkean, erasotzaileak hogeita hamar labankada eman zizkion biktimari, gorputzeko hainbat tokitan, eta hil egin zuen.

Ikertzaileek susmatzen dute emakumea erasotzailearekin egon zela, ez bakarrik erasoaren aurreko orduetan, baita erasoa gertatu eta hurrengo bost orduetan ere, eta, beraz, hilketaren inguruabarrak ezagutzen zituela, baina ez ziela horren berri eman agintariei.

Astelehen honetan atxilotu dituzte, eta asteazkenean, apirilaren 29an, ikerketaren ardura duen epailearen esku utzi dituzte. Donostiako Instrukzioko 2. Epaitegiko titularrak ustezko hiltzailea behin-behinean espetxeratzeko agindua eman du.

Emakumea karguekin aske utzi dute, kautelazko neurriak ezarrita; pasaportea kendu diote eta hamabost egunean behin epaitegira joan beharko du.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena