Gizartea -

KORONABIRUSA

16 hildako EAEn eta zazpi Nafarroan azken orduetan COVID-19aren ondorioz

Bestalde, aurreko balantzetik 444 pertsona gehiagok gainditu dute gaixotasuna Euskadin, eta 77k Nafarroan.

Osasun arloko langileak. Argazkia: EFE
Osasun-langileak
16 hildako EAEn azken orduetan COVID-19aren ondorioz

1:20

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

COVID-19 gaitzak eragindako pandemiaren ondorioz, 16 pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) azken orduetan, beraz, orain arte, 1.312 pertsona hil dira. Halaber, PCR proben bidez 123 kasu positibo berri atzeman dituzte Euskadin, eta test azkarren bitartez 481. Horrenbestez, guztira 15.969 kasu baieztatu dituzte orain arte proba horien bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera (aurreko egunean 20:00ak arte bildutakoak).

Bestalde, 6.607 pertsona ospitaleratu dituzte jada EAEn koronabirusa dela eta, atzo 46 paziente gehiago artatu ostean. Ildo horretatik, 544 pertsona zainketa intentsiboen unitatean artatu dituzte, atzo emandako datuekin alderatuta hiru kasu berri zenbatu ostean. Azken 24 orduetan 444 pertsona gehiagok gainditu dute gaixotasuna Euskadin, horrenbestez, guztira, 11.380 herritar sendatu dira jada. Horrek esan nahi du kutsatutakoen % 71,3 sendatuta daudela edo alta jaso dutela.

Osasun arloko krisi hau hasi zenetik, Euskadin 100.926 PCR proba eta 51.277 test azkar egin zaizkie 77.927 pertsonari, horietatik 3.674 azken 24 orduetan. Gaur egun, 636 pertsona daude ospitaleratuta EAEn, atzo baino 19 gutxiago; horietatik 541 gelan daude (17 gutxiago), eta 95 zainketa intentsiboen unitatean (bi gutxiago).

Lurraldeka, Araban 144 pertsona daude ospitaleratuta (atzo baino bat gehiago), 343 hil dira (bat gehiago) eta 4.125ek eman dute positibo (163 gehiago). Bizkaian, 361 pertsona ospitaleratu dituzte (aurreko balantzean baino 10 gutxiago), eta 706 pertsona hil dira koronabirusak jota (11 gehiago) eta 9.085 kutsatu dira (241 gehiago). Gipuzkoan erregistratu dira daturik baxuenak: 131 ospitaleratu zenbatu dituzte (10 gutxiago), 263 hildako (lau gehiago) eta 2.759 kasu (46 gehiago).

Nafarroan, berriz, zazpi pertsona hil dira azken egunean, eta 33 kasu gehiago atzeman dituzte. Testuinguru horretan, dagoeneko 4.848 kasu positibo zenbatu dituzte PCR proben bitartez. Halaber, COVID-19 gaitzaren eraginez Foru Erkidegoan orain arte 458 pertsona hil direla baieztatu dute osasun arloko agintariek.

Espainiako Osasun Ministerioak ostiral honetan emandako datuen arabera, Nafarroan 1.977 pertsona ospitaleratu dituzte pandemia hasi zenetik, atzo baino 12 gehiago. Horrez gain, 132 gaixo artatu dituzte zainketa intentsiboen unitatean, hortaz, ez dute paziente berririk izan atzoko datuekin alderatuta. Halaber, 72 alta eman dituzte, guztira 2.185, hau da, kutsatutako guztien % 34,5, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez.

Datu horiekin, PCR proben bidez baieztatutako kasuak 4.848 dira pandemia hasi zenetik. Horiei, ordea, test azkarren bitartez atzemandako beste 1.489 kasu gehitu behar zaizkie. Guztira, beraz, 6.337 kasu.

Testuinguru horretan, ikuspuntu epidemiologikotik aztertuta, Foru Erkidegoan hazkundearen kurba "ordoki batera iritsi" dela esan zuen atzo Santos Indusrain Osasun kontseilariak, eta "beheranzko egonkortze" batera iritsiko direla aurreikusi zuen.

Grafiko honek PCR probaren eta test azkarren bidez egunero zenbatutako kasu berriak erakusten ditu:

Hildako kopuruak gora egin du Espainian

Bestalde, Espainian koronabirusak eragindako heriotzek gorakada txikia izan dute atzoko datuekin aderatuta, 281 pertsona hil baitira azken 24 orduetan, ostegunean baino 13 gehiago. Gauzak horrela, dagoeneko 24.824 pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren ondorioz.

Osasun Ministerioak gaur goizean emandako datuen arabera, herrialdean 215.216 kasu baieztatu dituzte PCR proben bitartez, alegia, 1.781 positibo gehiago zenbatu dira egun bakar batean.

Gainera, orain arte 114.678 pertsona sendatu dira, azken 24 orduetan 2.628 gehiago.

3,2 milioi kasu eta 233.000 hildako nazioartean

Nazioartean, 3,2 milioi pertsona baino gehiago kutsatu dira koronabirusarekin, eta dagoeneko 233.000 hildako baino gehiago zenbatu dira. COVID-19 gaitzak eragindako pandemiak Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) utzi ditu orain arte zenbatutako hildako gehienak, eta egunero 30.000 kasu positibo berri inguru baieztatzen dituzte herrialdean.

Johns Hopkins Unibertsitateak emandako datuen arabera, AEBk kasu berri ugari zenbatzen jarraitzen ditu egunero, eta koronabirusa atzemateko probetan positibo eman duten ia 1,07 milioi pertsona daude jada. Hildakoei dagokienez, berriz, 63.000 baino gehiago zenbatu dituzte. New Yorken bakarrik, 18.000 hildako baino gehiago eragin ditu gaitzak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta/edo garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza EAE Espainia Gaixotasunak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Nafarroako Osasun Zerbitzua