Politika -

Koronabirusa

Urkullu maiatzaren 14an elkartuko da berriz alderdiekin hauteskundeez hitz egiteko

Iñigo Urkullu lehendakariak bi hauteskunde agertoki aurkeztu dizkie alderdi politikoei: uztaila edo iraila-urria. Erabakia “nahikoa denborarekin” hartu beharra dagoela helarazi die alderdiei.

Lehendakaria eta alderdi politikoetako ordezkariak, Lehendakaritzan. Argazkia: Irekia
Lehendakaria eta alderdi politikoetako ordezkariak, Lehendakaritzan. Argazkia: Irekia
Lehendakaria alderdietako ordezkariekin bildu da hauteskunde datari buruz hitz egiteko

1:09

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak bi hauteskunde agertoki aurkeztu dizkie alderdi politikoei, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak uztailean egitea edo iraila-urrian, eta erabakia “nahikoa denborarekin” hartu beharra dagoela helarazi die.

Lehendakariak bilera egin du alderdietako ordezkari nagusiekin koronabirusaren pandemiaren nondik norakoak aztertzeko eta horren arabera hauteskundeak noiz egin daitezkeen erabakitzeko, osasun krisiagatik apirilaren 5ekoak bertan behera geratu ostean. Maiatzaren 14an gaiaz hitz egiteko berriro elkartzea adostu dute.

Urkulluk aurreko astean proposatu zuen hauteskundeak uztailean egitea, eta gogorarazi du “premiazkoa” dela hauteskundeak noiz egingo diren erabakiatzea, izan ere, epemuga urriaren 25a da eta “legegintzaldia behin betiko amaituko da” orduan.

Lehendakariak koronabirusaren eboluzioari buruzko txosten bat aurkeztu du batzarrean. Bertan, pandemia egonkortu egin dela eta kutsatzeak murriztu direla agertzen da, eta uda aurkezten du kutsatze maila baxuena izango duen garai gisa.

Irailaren 21ean, udazkena iristearekin batera, beste koronabirus agerraldi baterako arriskua dagoela ohartarazi du lehendakariak, eta hau gaineratu du: “Ez dago % 100eko bermerik gaixotasunaren eboluzioaren inguruan. Ziurra den bakarra da udazkenean ez dugula txertorik izango. Horregatik da hain garrantzitsua aukera posibleak denbora nahikoarekin aztertzea”.

Maiatzaren 14ko bilerari begira, bozak abuztua baino lehen edo ondoren izango diren kontuan izan gabe, kanpainan eta hauteskunde egunean bertan hartu beharreko neurri guztien txosten zehatza aurkezteko konpromisoa hartu du lehendakariak.

Eusko Jaurlaritzak egindako txosten juridiko eta sanitarioen arabera, uztailean pandemiaren eragina askoz baxuagoa izango dela aurreikusten dute adituek eta, beraz, hauteskundeak egitea posible izango litzatekeela uste dute.

Halaber, dokumentu horietan guztietan hauteskundeak deitzeko aukera koronabirusaren bilakaeraren menpe egongo dela ohartarazten dute eta hala egitekotan kanpainarako eta hauteskunde-egunerako segurtasun neurri bereziak hartu beharko liratekeela azpimarratzen dute.

Segurtasun Sailak dagoeneko prest dauka prebentziorako neurri zehatzak biltzen dituen proposamena.

Alderdiek hasierako jarrerari eusten diete

EAJ Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak uztailean egitearen alde agertu da, osasun adituen aurreikuspenengatik eta beharrezko jotzen duelako “minutu bat galdu gabe erabakiak hartuko dituen Jaurlaritza eta Legebiltzar indartsu bat edukitzea”.

Gaurko batzarrean Andoni Ortuzar alderdiaren presidentea eta Joseba Aurrekoetxea burukidea izan dira, eta gogorarazi dute botoa emateko eskubidea oinarrizkoa dela, eta, ondorioz, bermatu egin behar dela. “Ezin da eskubide hori epemugarik gabe bahitu, urrian iraungitzen delako. Gustatu ala ez, hauteskundeez hitz egitea dagokigu”, gaineratu dute. Jeltzaleen arabera, adituen ustez “bi aukera” daude hauteskundeak egiteko: batetik, uztailean; bestetik, iraila amaieran edo urri hasieran.

Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak esan du bere koalizioak ez duela “inolako presarik” hauteskundeak egiteko, baina lehendakariari babesa agertu dio deseskalatzea antolatzeko autogobernuaren aldarrikapenean.

Otegik agiri batean azaldu duenez, bileran “argi eta garbi” esan du “ez dela hauteskundeez hitz egiteko unea”, baizik eta “familiak, enpresak, dendak eta autonomoak erreskatatzeko egitasmo sozioekonomikoaz” eztabaidatzekoa.

“Deseskalatzea zuhurtzia osoarekin egiteko momentua da”, adierazi du Otegik, Munduko Osasun Erakundeak “une kritikoan gaudela” ohartarazi duela gogorarazi aurretik. Horregatik, normaltasunera itzultzeko egin duen proposamenari, asteartean publiko egin zuenari, egin dio erreferentzia.

Hauteskundeak deitzeko “eskumen esklusiboa eta ukaezina lehendakariarena” dela gogorarazi ostean, erabakia “osasun eta parte-hartze politikoaren berme guztiekin” hartzeko eskatu dio Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusiak. Mendiaren esanetan, “osasun krisi honen ondorio guztiei aurre egingo dien eta martxan egongo den Jaurlaritza berritu bat” da helburua.

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUren lehendakarigaiak esan du ezin dela “krisia kudeatu eta hauteskunde kanpaina aldi berean egin”.

“Pandemia bat tartean, hauteskundeak kutsatuta gera litezke, bata bestearekin nahas liteke, eta ondorioak oso larriak izan litezke osasun publikoarentzat eta kalitate demokratikoarentzat”, azaldu du prentsa-ohar batean.

Gorrotxategik azpimarratu du gaurko batzarrean “inor ere ez, ezta Urkullu ere”, ez dela hauteskundeak uztailean egin daitezkeela ziurtatzeko gai izan, eta ohartarazi du “hauteskunde prozesua hasita, osasun baldintza txarrengatik berriro bertan behera uzteko” arriskua dagoela.

Carlos Iturgaiz PP+Cs-en lehendakarigaiak uste du Urkulluk “begiz jota” duela hauteskundeak uztailean egitea, baina kritikatu du “EAJren premiak” ez direla “herritarren premiak”.

Iturgaizen arabera, lehendakariak alderdi politikoak “erabili” nahi ditu “erabaki horren babesle” izan daitezen.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta/edo garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Iñigo Urkullu Eusko Legebiltzarra EAEko hauteskundeak Gaixotasunak Gizartea EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Osasun albisteak Hauteskundeak Koronabirusa Equo Berdeak José Ramón Becerra Equo