Gizartea -

Koronabirusa

Montagnierrek frogarik gabe esan du COVID-19a industria istripu batean sortu zela

Medikuntza Nobel saridunak esan zuen "istripu industrial" batetik zetorrela, baina frogarik gabe. Nobel sariak ez du ezagutza bermatzen arlo guztietan; "agintearen falazia" baten aurrean geundeke.

Montagnier, elkarrizketa batean. Argazkia: CNEWS
Montagnier, elkarrizketa batean. Argazkia: CNEWS
Montagnier, elkarrizketa batean. Argazkia: CNEWS

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Luc Montagnier Medikuntza Nobel saridunak, hiesa eragiten duen birusa aurkitu zuenak,  Pourquoi Docteur hedabide frantziarrean adierazi du COVID-19aren pandemia eragin duen birusa Txinako laborategi batean izandako "industria istripu" batean sortu zela, baina hori egiaztatzen duen inolako frogarik aurkeztu gabe esan du.

Montagnierren adierazpenen inguruko hainbat mezu jaso ditugu koronabirusaren pandemian zehar agertzen diren albiste faltsuak ezeztatzeko EiTBk abiarazi duen Koronabuloak ekimenaren 600 900 454 zenbakian, eta Maldito Bulo-ren laguntzarekin egiaztatu dugu zientzialariak ez duela frogarik adierazi duena adierazteko.

Montagnierren arabera, hiesaren aurkako txerto bat ikertzen ari zirenean izan zen istripua eta birusaren isuri bat izan zuten. Zientzialariak uste du hiesaren sekuentzia berdin batzuk dituela COVID-19ak , eta horregatik iritsi da ondorio horretara. Gainera, koronabirusaren aldaera hori Wuhango animalia bizidunen merkatu batean sortu zela dioen teoria "kondaira ederra bezain ezinezkoa" dela azpimarratu du.

1983an hiesa eragiten duen birusa aurkitu zuen zientzialariak Medikuntzaren Nobel Saria jaso zuen lan horrengatik, baina horrek ez dio medikuntzaren edozein alorretan autoritatea ematen, eta bere adierazpenak ezin dira egiazkotzat hartu oinarri enpirikorik ez badute.

"Agintearen falazia" deitzen zaio arlo jakin batean jakintsua den norbaiten hitzak egiazkotzat jotzea besterik gabe: ez du froga zientifikorik aurkezten, baina sinetsi egiten diot Medikuntzaren Nobel sariduna delako. Frogarik ez da aurkezten argudio mota horretan, baieztapenak egiaztatzen dituen frogarik ez da behar.

Polemikan murgilduta

Ez da Montagnier polemikaren erdian aurkitzen dugun lehen aldia, izan ere, ezaguna da homeopatia defendatzen duelako, uhin elektromagnetikoen bitartez DNA telegarraia daitekeela uste duelako, autismoari antibiotikoekin aurre egin daitekeela pentsatzen duelako, uraren memorian sinesten duelako edo hiesa elikaduraren bitartez artatzearen alde egin izan duelako.

Gainera, txertoei buruz esan zuen arriskutsua dela "herritarrak gutxinaka pozoitzea".

Baina ez da lekuz kanpoko adierazpenak egin dituen sona handiko zientzialari bakarra; izan ere, hor dago James Watson, DNAren aurkikuntzagatik Nobel Saria irabazi ostean pertsona txuriak genetikoki beltzak baino adimentsuagoak direla esan zuena; edo Kary Mullis, Kimika nobel sariduna, klima aldaketa egiaztatzen duten froga zientifikoen aurka agertu zena.

Jatorria naturan dago

Montagnierrek COVID-19a laborategi batean sortu zela esan izanaren harira, gogorarazi behar da osasun publikoan espezializatuta dauden eta COVID-19 koronabirusaren pandemia jarraitu duten adituek komunikatu bat publikatu dutela The Lancet aldizkarian. "Herrialde ezberdinetako zientzialariek kausazko agentearen genoma aztertu dute, eta emaitzek argi uzten dute jatorria naturan duela", dio The Lancetaldizkarian publikatu den komunikatuko esaldi batek. Ohar honen helburua da, pandemiaren jatorria naturan ez dagoela esaten duten zurrumurruak ezeztatzea.

Albert Bosch Navarro Espainiako Birologia Elkarteko presidenteak hauxe ziurtatu zuen Maldita Ciencia webgunean: "Baina hau bagenekien agertu zenean. 2002an SARSa, edo 2009an A gripea, H1N1aren aldagai berria, agertu zirenean moduan gertatu da. Antzeko kasu bat ematen den guztietan beti azaltzen dira sasi-jakintsu batzuk, birusa laborategian sortu dela esaten. Dena den, gaur egun dakiguna da, saguzar mota batetik beste mota bateko erdibideko animali batera pasa zela, eta hortik gizakietara".

Ildo berean, hau esaten du Nature Medicinen publikatutako artikulu batek: "SARS-CoV-2a ez da laborategian sortutako birusa, ezta nahita manipulatutakoa ere".

Euskal Irrati Telebista Maldita.es atariarekin, VOST Euskadirekin eta Eva Caballerok Radio Euskadin duen 'La Mecánica del Caracol' dibulgazio-saioko komunitate zientifikoarekin ari da elkarlanean koronabirusari buruz agertzen diren albiste faltsuei aurre egiteko.

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak Nobel sariak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Sendagileen albisteak Albiste faltsuak Koronabirusa