Gizartea -
Koronabirusa
Bizikleta-bide gehiagok eta trafiko mozketek mugikortasuna erraztuko dute Donostian
Udalak neurri berriak jarriko ditu indarrean, txirrindularien eta oinezkoen arteko distantziak gordetzea bermatzeko, bizikleta-bide gehiagorekin eta trafiko mozketekin pasealeku ezagunenetan.
Agentziak | Erredakzioa
Donostiako Udalak neurri berriak jarriko ditu abian datozen egunetan, txirrindularien eta oinezkoen arteko distantziak gordetzea bermatzeko. Gainera, kale batzuk oinezkoentzat eraldatuko dira, bizikleta-bide gehiago, eta trafiko mozketak hiriko pasealeku ezagunenetan.
Pasealeku Berriaren, Eduardo Chillida pasealekuaren eta Kontxakoaren kasuak dira, azken honetan partzialki soilik egingo delarik, Eneko Goia alkateak prentsaurreko telematiko baten bidez adierazi duenez. Horrez gain, hiriak TAO zerbitzua maiatzaren 11n, astelehenean, berreskuratuko duela iragarri du.
Deseskalatze prozesuko lehen egunetan "hiriaren egoera" zein den errepasatu du Goiak, eta hiritarren mugikortasuna errazteko eta osasun-neurriak errespetatzea bermatzeko, Udala lantzen ari den ekintzak jakinarazi ditu.
"Hasteko, kale batzuk oinezkoentzat bideratuko dira, azken hauen, txirrindularien eta autoen arteko aldi bereko izatea errazteko, autoen abiadura muga 10 kilometro ordukoa izango delarik. Chillidaren eskulturak dauden inguruko kaleetan emango dira aldaketak, baita Cristina infanta, Etxague Generala eta Euskal Herria kaleetan. Aurrerako, Grosen, Segundo Ispuzua kalean eta Berminghamen ere emango dira aldaketak", jakinarazi du alkateak.
Bizikletaren erabilera bultzatzeko, Udalak "30 bide" moduan egokituko du Askatasun etorbideko barrualdea, horrek Kontxako bidegorria Santa Catalina zubiarekin konektatzea ahalbidetuko duelarik.
Eduardo Chillida pasealekua oinezkoentzat egokituko da, eta trafikoa moztuta egongo da motordun ibilgailuentzat asteazkenetik aurrera, 7:30etik 10:00etara, eta 20:00etatik 23:00etara. Gauza bera gertatuko da Pasealeku Berrian.
Kontxako pasealekuan, Antiguotik Mirachoncharako tunelean. bide bat txirrindularientzat egokituko da, ondorioz, oinez edo korrika doazenek bidegorria erabili ahalko dutelarik. Aldaketa hau egitea beharrezkoa dela esan du Eneko Goiak, puntu horretan barandan lanak egiten ari baitira.
Bestalde, TAO zerbitzua maiatzaren 11n, astelehenean, abian jarriko da, deseskalatzearen 1 fasean "pertsona asko euren jardueretara itzulik baitira, eta autoz egingo diren bidaiek gora egingo baitute".
Udalari buruz, Goiak esan du, astelehenean egindako testen ostean ez dagoela "COVID-19 koronabirusa duen udal-langilerik". "Oraindik kosta egingo da ohiko zerbitzuak normaltasun osoz funtzionatzea", eta osasun-agintariek azaldutako neurriak betetzen saiatuko direla adierazi du, "nahiz eta aginduak askotan ez diren beti argiak izaten, eta gehiegitan aldatzen diren arren".
Goiak tonu kritikoa erabili du iragan asteburuan donostiarrak kalera irtetean erakutsi zuten jarrerari buruz hitz egiterakoan: "Herritar gehienek jarrera ona izan dute, gehienek arauak errespetatzen dituzte, baina beti daude salbuespenak, eta jende pilaketak eta jendea hondartzan eguzkia hartzen eta uretan bainua hartzen ikusi ahal izan zirelarik. Ez dut esango arauak egokiak diren ala ez, baina arauen barruan ez dago itsasoan bainua hartzea, ezta hondartzan eguzkia hartzen egotea. Arauak errespetatu behar ditugu nahiz eta askotan ez den erraza izaten, batzuk konplexuak direlako eta gehiegi araututa daudelako".