Gizartea -

Klinika batean

'Billy el Niño' frankismo garaiko polizia ohia hil da, koronabirusagatik

Torturak egotzita, salaketak jarri zituzten horren kontra, baina epaileek ez zuten epaitu. Jasotako sariak kentzeko aukera aztertu egingo zutela esan zuen Grande-Marlaska ministroak otsailean.

'Billy el Niño', epaitegietatik ateratzen. Argazkia: Efe.
'Billy el Niño', epaitegietatik ateratzen
'Billy el Niño', epaitegietatik ateratzen. Argazkia: Efe.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Antonio Gonzalez Pacheco, Billy el Niño, frankismoko Brigada Politiko-Sozialeko polizia ohia, Madrilgo ospitale batean hil da ostegun honetan, koronabirusak jota. Diktadura garaian torturak egiteagatik gizateriaren aurkako krimenak egotzita, salaketa ugari jarri zituzten horren aurka.

Gonzalez Pacheco 73 urterekin hil da, epaileek horren kontrako salaketak ikertu barik, azken urteetan haren biktimek zenbait kereila aurkeztu arren.

Gainera, jasotako sariak kentzeko aurkeztutako eskaeraren erantzunaren zain zegoen.

Otsailean, Kongresuko Mahaiak oniritzia eman zion Billy el Niñori emandako sarien txostena argitaratzeari, baina ukatu egin zuen Antonio Gonzalez Pacheco polizia ohiaren "zerbitzu-orria" publiko egitea, nahiz eta oraingoan Unidas Podemosek babesa eman dion.

Kongresuko Mahaiak aintzat hartu zuen Jon Iñarritu EH Bilduren diputatuak egindako eskaria, PSOEren eta Unidas Podemosen aldeko botoekin.

Eskaera horretan, eldiario.es agerkariak 2018an zabaldu zuen txostena osorik argitaratzea eskatu zuen EH Bilduk. Txosten hori "Antonio Gonzalez Pacheco torturatzaile frankistaren jarduerari buruzkoa" da, eta bertan jasotzen dira polizia ohiak jaso dituen dominak, sariak edo errekonozimenduak.

Horren aurkako kereilak

Antonio Gonzalez Pacheco, Billy el Niño, eta frankismoko Brigada Politiko-Sozialeko beste kide batzuen kontrako salaketa 2019ko uztailean jarri zuten, Madrilen. Espainian, gizateriaren aurkako krimenengatik aurkezten den aurreneko kereila kolektiboa izan zen. Tortura sistematikoak izan zirela frogatu nahi zuten.

Bost biktimak Liga Komunistako edo ikasleen sindikatuetako militanteak ziren 70eko hamarkadan. Protesta egiteagatik edo paskinak banatzeagatik atxilotu zituzten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Frankismoari buruzko albisteak Memoria historikoa albisteak COVID kasuak