Gizartea -

KORONABIRUSA

Donostiako Udalak terrazak handitzeko aukera emango du

Hala ere, ezin izango dira neurriaz baliatu espaloi estuak dituzten kaleetan kokatutako establezimenduak edo gertuko lokalak dituztenak.

Donostiako taberna bateko terraza. Irudia: EFE
Donostiako taberna bateko terraza
Donostiako taberna bateko terraza. Irudia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Udalak terrazek hartzen duten espazio publikoa zabaltzeko baimena ematea erabaki du, betiere, oinezkoekiko segurtasuna eta elkarbizitza bermatzen badute, merkataritza eta ostalaritza suspertzen laguntzeko helburuarekin, Gipuzkoako hiriburuko ekonomian "pisu" handia duten sektoreak baitira.

Donostiako Udalak iragarri duenez, datorren astelehenetik aurrera hasiko da baimenen tramitazioa. Baimen horiek aldi baterakoak izango dira, eta automatikoki indargabetuko dira horiek justifikatzen dituzten mugak amaitzen direnean.

Terraza duten establezimenduek maiatzaren 11tik aurrera ireki ahal izango dute, baina edukieraren % 50 soilik okupatu ahal izango dute.

Establezimenduen jabeek udalaren webgunearen bidez egin ahal izango dute eskaera, eta bertan horretarako fitxa espezifiko bat gaituko da.

Era berean, Udalak bide publikoan erakusmahaiak edo antzeko instalazioak jartzeko baimena emango die saltokiei, baldin eta "espaloia gehiegi inbaditzen ez badute eta hiriaren eguneroko bizitza oztopatzen ez badute" eta jabari eta erabilera publikoko espazioetako okupazioak arautzen dituen ordenantzak xedatutakoa betetzen badute.

Hala ere, ezin izango direla neurriaz baliatu espaloi estuak dituzten kaleetan kokatutako establezimenduak edo gertuko lokalak dituztenak ohartarazi du.

Handitzea "egingarriagoa" izango da plaza irekietan, espaloi zabalak dituzten eremuetan, kale estuagoetan baino. Parte Zaharrekoetan, esaterako, Zuloaga Plazan izan ezik ezingo da aurrera eraman.

Udalak adierazi duenez, terraza, bermeak betetzen badira, dagokion tabernaren aurrean egon ahal izango da, "nahiz eta horretarako bide bat gurutzatu behar izan", edo "izkinaren bueltan, baldin eta espazioa horretarako egokiagoa bada eta inori kalterik egiten ez badio".

Mahai itxien kasuan, alboetako bat beti irekita egon beharko da, handitu ahal izateko.

Udalak ez duela kobratuko terrazek jarduera garatu ez duten denborari dagokion okupazio-tasa zehaztu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Donostia Gipuzkoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Tabernak Koronabirusa