Ekonomia -

Koronabirusa

Ezkortasuna eta haserrea nagusi ostalaritzan, deseskalatzearen aurrean

Ostalaritza elkarteek uste dute prozesu horren baitan sektorea indartzeko neurri ekonomikoak egon beharko liratekeela, bestela, askok ateak itxi beharko dituztelako.

Aulkiak pilatuta itxitako taberna batean. Argazkia: Efe
Aulkiak pilatuta itxitako taberna batean. Argazkia: Efe
Aulkiak pilatuta itxitako taberna batean. Argazkia: Efe

Manu Gimenez | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak osatu eta Pedro Sanchezek aurkeztu zuen deseskalatze prozesuak ostalaritza sektorearen errefusa jaso du, urruntze sozialak eta higiene neurriek sektore horretan eragiten baitute kalte handiena.

Maiatzaren 11n hasiko da deseskalatzea ostalaritzan, baina jatetxe eta tabernek terrazen erdiak bakarrik ireki ahalko dituzte, eta hoteletan espazio komunak itxita egongo dira. Hurrengo fasean, gauzak ondo bidean, bi aste geroago, jatetxeetako barrualdeak irekitzen hasiko dira, bezeroen arteko distantziak zainduz.

Nafarroako ostalarien elkartearentzat "adar jotzea" da egitasmoa, eta Bizkaiko elkartean uste dute neurri horiekin batera "beste neurri batzuk beharrezkoak" direla "enpresek bizirauteko (aldi baterako lan-erregulazioko txostenei eustea, ekintza protokoloak, alokairuak konpontzea, etab.)". Gainera, Bizkaiko ostalarien elkartearen esanetan, "egoera aldatzen ez bada, bideragarria den aukera bakarra ez irekitzea izango da".

Gipuzkoatik Espainiako Gobernuaren jokabidea ere kritikatu dute, ez delako sektorearekin "adostu", eta horregatik "haserre" agertu dira. Izan ere, krisiaren ondorioz establezimenduen % 15ek ateak itxi beharko zituztela aurreikusten bazuten ere, deseskalatzeko egitasmoarekin kopuru hori % 30-40ra igo daitekeela pentsatzen dute.

Nafarroan ezin dute ulertu "nola nahi duten irekitzea, terrazaren erdia irekita enpresa bat errentagarria izatea, edo nola nahi duten maiatzaren 11n hotelak martxan egotea mugikortasuna debekatuta baldin badago". Horren harira, Gipuzkoatik gogorarazi dutenez, "ez da turismorik egongo, krisiak erosteko ahalmena jaitsiko du", eta horri "kontsumitzaileen beldurra" gehitu behar zaio.

Aurkeztutako deseskalatze planak aurreikusten dituen datez ez dira fio ostalaritza elkarteak. "Gobernuak berak ere ez daukala argi uste dugu", adierazi dute Bizkaian, eta "noiz bezain garrantzitsua nola da", gaineratu dute. Hor jarri du azpimarra Gipuzkoako ostalarien elkarteak, eta "ziurgabetasun" horren aurrean, "laguntza neurri zehatzak bermatu behar zaizkio sektoreari, negozioak eta enplegua mantendu ahal izateko", horren arabera.

Laneko osasunari eta segurtasunari dagokienez, Nafarroako elkarteak salatu du ez dutela patronalak Turismo Ministerioarekin adostutako higiene plana aintzat hartu, eta "ez dugu ez maskararik ez norbera babesteko ekiporik", gaineratu dute.

Arabako Ostalarien Elkarteak ez du gaiaren inguruko iritzirik eman nahi izan, baina Arabako Merkataritza Ganberak inkesta bat egin du enpresen artean. Ostalarien % 95ek erantzun dute likidezia arazoak aurreikusten dituztela epe motzean, % 9,4k uste dute itxi egin beharko dutela, eta herenak esan du lau langiletik bat kalera joango dela.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta/edo garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Turismoa Euskadi Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Gaixotasunak Pedro Sánchez Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Jatetxeak albisteak gaur Tabernak Koronabirusa Zer egin daiteke Euskadin? Deseskalatzea gaur