Gizartea -
KORONABIRUSA
Pandemiak ahalbidetzen badu, irailaren 20an izango da Herri Urrats
Gaurko egunez zen ospatzekoa, baina bertan behera geratu zen koronabirusagatik. Etxetik ikusi ahal izan den emankizun berezi batekin ospatu dute gaur, eta irailean Senperen elkartzeko itxaropena dute.
EUSKADI IRRATIA | EITB.EUS
1984az geroztik, maiatzaren bigarren igandean euskaltzaleen topaleku izan da Senpereko aintzira. Herri Urrats Ipar Euskal Herriko ikastolaren jaia babestu asmoz, milaka pertsona hurbildu izan dira dantza, musika, kantu eta bestelako jarduerez gozatzera eta euskarazko irakaskuntzari sostengu ekonomikoa ematera.
Aurten, baina, koronabirusaren krisia dela eta, gaur ez da Herri Urrats jairik izan Senperen, baina etxetik festa berezia jarraitu ahal izan da 12:00etatik aurrera, Kanaldude herri telebistak eskaini duen zuzeneko emanaldiarekin.
Emankizun horretan, Seaska Iparraldeko ikastolen Federazioko eta ikastoletako arduradunek hitz egin dute, Pello Jorajuria Seaskako lehendakariak eta Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko lehendakariak, besteak beste; musika eta bertsoak izango dira eta "Gaki Ge2" Herri Urrats 2020ko, aurtengo, bideoklipa erakutsi da. Topa ere egingo da.
Antolatzaileek adierazi dutenez, ez dute etsitzen eta pandemiak ahalbidetzen badu, irailaren 20an ospatuko dute Herri Urrats ohiko moduan, Senpereko lakuan.