Gizartea -

KORONABIRUSA

EAE 1 fasera igaro da, mugikortasuna ahalik eta gehien mugatzea gomendatuta

"Zuhurtasun- eta segurtasun-neurri gehigarriak" hartu dira, eta "lehentasuna eman zaio denbora honetan egin diren aurrerapausoak zaintzeari eta atzera ez egiteari".

Bilbo. Irudia: EFE
Bilbo
Bilbo. Irudia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariaren dekretuaren arabera, EAE 1 fasera igaro da astelehen honetan, eta udalerritik kanpoko mugikortasuna ahalik eta gehien mugatzea gomendatzen du.

Pertsonak hiru lurralde historikoen artean mugitu ahal izango dira, osasun edo lanarekin lotutako arrazoiengatik, ohiko bizilekura itzultzeko, hezkuntza eta prestakuntza arrazoiengatik, adinekoak, mendekotasuna dutenak, desgaitasunen bat dutenak edo premia-egoeran dauden senideak bisitatzeko, zaintzeko eta artatzeko, bai eta antzeko beste edozein arrazoirengatik ere. Gainera, ez da museorik, liburutegirik edo udalen kirol-instalaziorik irekiko.

Dekretuak "zuhurtasun- eta segurtasun-neurri gehigarriak" ere jasotzen ditu, eta "lehentasuna eman zaio pandemiaren hedapenari dagokionez denbora honetan egin diren aurrerapausoak zaintzeari eta, ahal den neurrian, atzera ez egiteari". Gainera, "zorrotza eta irmoa izan nahi du" 2 faserako trantsizioa prestatzean, aukera hori bi aste igaro baino lehen ebaluatu behar da, eta "premiazkoa da azken bi hilabeteetan lortu diren aurrerapenak segurtasunez finkatzea eta sendotzea".

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) gaur, maiatzak 11, argitaratutako lehendakariaren 8/2020 Dekretuan jasotzen dira alarma-egoera deklaratu ondoren ezarritako murrizketak Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 1 fasean malgutzeko Espainiako Gobernuarekin adostutako aldaketak, zabaltzeak eta murrizketak EAEren eremuan aplikatzeko, osasun-larrialdiak Euskadin izan duen bilakaerara egokitze aldera.

Plan horren edukia Bizi Berri Planaren barruan dago, Eusko Jaurlaritzak konfinamendua arintzeko estrategia zehatza jasotzen duen horretan.

Ildo horretan, "akordio horrek baterako gobernantzaren filosofiari jarraitzen dio, eta hor jasotako aurreikuspenak bat datoz, hein handi batean, Espainiako Gobernuak 1 faserako aurreikusitako neurriekin (maiatzaren 9ko SND/399/2020 Aginduan jasotakoak, aipatu testuan gaineratu dutenez)".

Hala ere, 1 fase honetan EAEn aplikatzeko "xedapen espezifikoak" jasotzen ditu, hasiera batean 2020ko maiatzaren 11tik 24ra zabaltzen dena. Horrela, dekretu honetan aurreikusitako neurriak EAEn aplikatzeko lurralde-unitatea autonomia-erkidegoa da.

Bertan ezarritakoaren arabera, "lurralde-eremu hori erabiltzea gomendatzen duten hainbat arrazoi daude: osasun-laguntza antolatzeko arrazoiak, Euskadiko mugikortasunarekin eta ezaugarri geografikoekin lotutako arrazoiak eta bilakaera epidemiologikoarekin lotutakoak".

"Estrategia hori planteatzeko lehenengo oinarria EAEko errealitatearekiko dugun hurbiltasuna eta ezagutza izan da. Bigarrenik, lehentasuna eman zaio pandemiaren hedapenari dagokionez denbora honetan egin diren aurrerapausoak zaintzeari eta, ahal den neurrian, atzera ez egiteari, horrek neurri murriztaileagoak hartzera behartuko bailuke", azaldu dute.

Beharrezko mugikortasuna

"Zuhurtziaren printzipioan oinarrituta, EAEren eremuan hartu den bereizgarritasunetako bat mugikortasuna mugatzea da. Mugikortasuna, beraz, udalerri barruko esparrura mugatzen da, lan-, gizarte-, ekonomia- edo familia-arrazoiak direla-eta justifikatuta dauden zenbait salbuespenekin", EHAAn gaur kaleratutako dekretuan irakur daitekeenez.

"Behar-beharrezkoa ez den guztietan mugikortasuna murriztea komeni da; izan ere, mugikortasunak aglomerazioak eta kontaktuak ugaritzea dakartza berekin, eta horrek guztiak kutsadura zabaltzeko arriskuka areagotzen du", gaineratu dute bertan.

Era berean, dekretu horrek atzeratu egiten du, "momentuz, liburutegiak, museoak eta kultura-ekitaldiak eta -ikuskizunak egiten dituzten lokalak eta establezimenduak jendearentzat berriro irekitzea". "Kasu honetan ere, zuhurtzia-printzipioak agintzen du, eta pertsonak taldean ez biltzeko beharrak", azaldu dute.

"Dekretu honen berariazko aurreikuspenen oinarrian bada beste helburu erantsi bat ere; izan ere, Eusko Jaurlaritzak zorrotza eta irmoa izan nahi baitu 2 faserako trantsizioa prestatzean –aukera hori bi aste igaro baino lehen ebaluatu behar da–. Horretarako, premiazkoa da azken bi hilabeteetan lortu diren aurrerapenak segurtasunez finkatzea eta sendotzea", bertan irakur daitekeenez.

Mugikortasuna eta zirkulazio-askatasuna

Dekretuaren arabera, "herritarrak Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoen artean mugitu ahal izango dira osasun-, lan-, lanbide- edo enpresa-arrazoiengatik; ohiko bizilekura itzultzeko; hezkuntza- eta prestakuntza-arrazoiengatik; adinekoak, mendekoak, desgaituak edo premia-egoeran dauden senitartekoak bisitatzeko, zaintzeko eta artatzeko, bai eta antzeko beste edozein arrazoirengatik ere".

Herritarrak, oro har, "bizileku duten udalerriaren mugartearen barruan mugi daitezke, distantzia-mugarik gabe". "Ohiko joan-etorriak egiten diren udalerri mugakideen arteko mugikortasuna baimentzen da, jarduera sozioekonomikoak egiteko", baina, "nolanahi ere, osasun-arrazoiak direla-eta, gomendatzen da ahalik eta gehien mugatzea bizilekua dagoen udalerritik kanpoko mugikortasuna".

Kirola eta jarduera fisikoa

"Jarduera fisikoa eta kirola egin ahal izango da bizilekua finkatuta dagoen udalerriaren barruan eta mugakideetan, betiere osasun-agintariek ezarritako segurtasun-, osasun- eta higiene-neurriak errespetatuz", aipatu dekretuak jasotzen duenez.

Kudeaketa pribatuko aire zabaleko kirol instalazioak maiatzaren 9ko SND/399/2020 Aginduaren 41. artikuluan ezarritako baldintzetan ireki ahal izango dira, eta instalazioak kokatuta dauden udalerrian edo mugakideetan egoitza duten pertsonak sartu ahal izango dira.

Gainera, banakako kirol jarduera egin ahal izango da kudeaketa pribatuko kirol zentroetan, aurrez hitzordua eskatuta, baldin eta bizilekua udalerriaren barruan edo mugakideetan badaude. Kirol profesionala maiatzaren 9ko SND/399/2020 Aginduaren 38., 39. eta 40. artikuluetan ezarritakoaren arabera egingo da.

Nolanahi ere, kudeaketa publikoko kirol instalazioak itxita egongo dira.

Kultura

Liburutegiak, museoak eta kultura-ekitaldiak eta -ikuskizunak egiten dituzten lokalak eta establezimenduak itxita egongo dira.

Eusko Jaurlaritzak ez du etxeetan bilerak egiteko aukerarik ematen

EAEn ez dago baimenduta etxebizitzetan talde murriztuetan kontaktu soziala izatea, Ertzaintzak eta udaltzaingoek osasun-alertari buruz ezarritako irizpideen arabera. Neurri hori ez da ageri lehendakariak igande honetan sinatu zuen dekretuan, Gobernu zentralak konfinamendua arintzeko 1 faserako onartu arren.

Ertzaintzaren Buruzagitzak astelehen honetan argitaratu duen dokumentu batean jaso dute neurria, eta Estefania Beltran de Heredia sailburuak Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean baieztatu du.

Testu horretan, 1 fasean baimenduta dagoenari edo ez dagoenari buruzko zalantzak argitzen dira, eta "etxebizitzetan talde murriztuetan kontaktu soziala egon daiteke?" galderari erantzunez, "ez" batekin erantzun diote, bestelako zehaztasunik eman gabe.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea