Gizartea -

Zaldibarko luizia

Jaurlaritza protestatzea aztertzen ari da, luiziaren harirako EBren jokaeragatik

Europako Batzordeak "bere gaitzespenean hizpide dituen Eusko Jaurlaritzaren jarduerak ezagutu gabe" eman du iritzia, zabortegiaren gainean, Iñigo Urkulluren esanetan.

Zaldibarko zabortegiko luizia otsailaren 6an gertatu zen. Argazkia: EFE.
Zaldibarko zabortegiko luizia otsailaren 6an gertatu zen
Zaldibarko zabortegiko luizia otsailaren 6an gertatu zen. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritza Virginijus Sinkevicius Europako Ingurumen komisarioari Zaldibarko luiziarekin lotutako protesta-idazkia bidaltzea ari da aztertzen; izan ere, Jaurlaritzaren iritziz, komisarioak "bere gaitzespenean hizpide dituen Jaurlaritzaren jarduerak aldez aurretik ezagutu gabe" eman du iritzia.

Aurreko astean, Sinkeviciusek, PPko eta Ciudadanoseko hainbat eurodiputaturen idatzizko galdera batzuei erantzunez, adierazi zuen zabortegian "huts handiak" zeudela, eta ziurtatu zuen kasua aztertuko zuela, "haren larritasunagatik". Otsailaren 6an, luizia izan zen zabortegian, eta bi langile lurperatuta geratu ziren; oraindik ez dituzte aurkitu.

"Europako Batzordea oso kezkatuta dago, Zaldibarko zabortegian berriki izandako istripuagatik. Gure eskura jarritako informazioaren arabera, baliteke zabortegian huts handiak izatea", zehaztu zuen orduan komisarioak.

Iñigo Urkullu lehendakariari astelehen honetan galdetu diote horretaz, EAEko hauteskundeak uztailaren 12an izango direla iragartzeko eman duen prentsaurrekoan. Urkulluren hitzetan, komunikabideen bidez izan zuen Europako Batzordearen asmoen berri.

Urkulluk zalantzan jarri du "nola eman daitekeen iritzirik galdera batzuen ondorioz, Eusko Jaurlaritzaren gaitzetsitako jarduerak aldez aurretik ezagutu gabe"; lehendakariak gogora ekarri duenez, Europako Batzordeak ez du kontuan izan Jaurlaritzak salaketa jarri zuela Fiskaltzaren aurrean, eta Ingurumen Sailak kanpoko kontu-ikuskaritza enkargatu duela.

Hori dela eta, Jaurlaritza aztertzen ari da komisarioari berari idazkia helaraztea, salatzeko Eusko Jaurlaritzarekin hitz egin aurretik eman duela iritzia.

"Gorpuak bilatzen jarraitu eta horiek topatzea" da nahia

Halaber, Urkulluk esan duenez, Jaurlaritzaren asmoa da Joaquin Beltranen eta Alberto Sololuzeren gorpuak bilatzen jarraitu eta aurkitzea. Zabortegiaren luizian hildako beharginak dira biak.

"Eguneroko lan-planak zeintzuk diren jakin badakit", ziurtatu du lehendakariak; egunero, hamabi makina astun eta ehun pertsona baino gehiago dabiltza lanean, erreskate-lanetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EB Iñigo Urkullu Lehendakaria Bizkaia Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zaldibar albisteak Luiziak gaur