Gizartea -

Luizia Zaldibarren

Alberto eta Joaquin gogoratu dituzte, desagertu zirenetik 100 egun betetzen direnean

Zaldibarren, Elgetan eta Zallan egin dituzte elkarretaratzeak, luiziaren ondorioz lurperatuta geratu ziren bi langileen gorpuak behin betikoz erreskatzeko eskatuz.

Zaldibarren gaur izandako elkarretaratzearen irudia. Argazkia: EiTB
Zaldibarren gaur izandako elkarretaratzearen irudia
Elkarretaratzeak egin dituzte larunbat honetan, Alberto eta Joaquin gogoratzeko

1:18

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Duela 100 egun Zaldibarko zabortegian izandako luiziaren ondorioz desagertutako Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze Verter Recycling enpresa pribatuko langileak gogoratzeko elkarretaratzeak egin dituzte larunbat honetan Zaldibarren, Zallan eta Elgetan. "Erantzunak eta erantzukizunak" eskatuz egin dituzte mobilizazioak, koronabirusarekin kutsatzeak saihesteko herritarren arteko segurtasun tartea gordeta eta babes-maskarak jantzita.

Zaldibar Argitu plataformak deitutako ekitaldiak izan dira: goizean, Zaldibarren bildu dira, eta arratsaldean, berriz, Zallan 20:00etan (Joaquin Beltranen familia bizi den udalerrian) eta Elgetan (19:00etan).

Zaldibarko elkarretaratzea egiten zuten bitartean, Elgetako auzokideak gertuko mendietara igo dira desagertutako langileen izenak zeramatzaten pankartekin, plataforma horretako kideek azaldu dutenez.

100 egun hauetako gertakari nagusiak:

OTSAILAK 6

Luizia Zaldibarko zabortegian. Oraindik ez dago argi zerk eragin zuen luizia, baina lehen egunetik jakin zen bi langile zeudela hondakinen azpian harrapatuta. Suhiltzaileek eta ertzainek egun horretan bertan ekin zieten erreskate lanei, txakurrak eta palak baliatuz, baina amiantoaren presentziak eten egin zuen bilaketa.

OTSAILAK 8-9

Desagertutako langileen senideak minduta eta haserre agertu dira, erreskate lanak hainbat aldiz eten dituztelako. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak eta zabortegia kudeatzeko ardura zuen enpresak informazio gutxi ematen dietela salatu dute.

OTSAILAK 11

Durangoko Epaitegiak eginbideak abiatu ditu Verter Recycling enpresaren kontra, ingurugiro eta lan arloko ustezko delituak egotzita, baina oraindik ez da ikerketa amaitu.

OTSAILAK 12

Lehendakaria Zaldibarko zabortegira doa, desagertutako langileen senideekin biltzeko. Bi aldeek desadostasunak izan dituzte, eta Alberto eta Joaquinen familiek Eusko Jaurlaritzaren aurkako hainbat ohar kaleratu dituzte, kudeaketa salatzeko.

OTSAILAK 14

Dioxina eta furanoa atzeman dituzte airean, ezohiko maila altuan. Plastikoek erretzean eragiten dituzten substantziak dira biak. Prebentzio neurri gisa, aire librean ariketa fisikorik ez egiteko eta etxeak ez aireztatzeko gomendatu zieten Zaldibar, Ermua eta Eibar herrietako bizilagunei.

OTSAILAK 18

Iñigo Urkullu lehendakariaren agerraldia. Zaldibarko krisiaren kudeaketan akatsak izan direla aitortu du, baina oposizioak leporatzen dio ez duela "espero bezala jokatu". Suteak kontrolatu dituzte zabortegian, eta gertuko udalerrietan ezarritako murrizketak bertan behera utzi dituzte.

OTSAILAK 21

Jaurlaritzak Fiskaltzaren aurrean salatu du Verter Recycling. Lur-jausia gertatu baino bi egun lehenago jakin zuen enpresak zabortegian arrakalak agertu zirela. Hala ere, jarduerarekin jarraitu zuen.

MARTXOAK 3

Joaquin Beltranen familiak erreskatean "askoz gehiago" egin behar dela esan du. Bilaketa lanetan koordinaziorik izan ez dela eta baliabide gutxi erabili dituztela salatu dute. Halaber, politikariak "alde batera baztertzea eta teknikariei lan egiten uztea" eskatu dute.

MARTXOAK 14

Alarma-egoera ezarri dute, eta zabortegiko bilaketa lanak zertxobait moteldu dira. 15 egun geroago, ordea, ohiko erritmoan jarraitzeko baimena lortu dute.

MARTXOAK 30

Komunikabideetako lerroburuek koronabirusak eragindako krisian jartzen dute arreta. Bien bitartean, Joaquin eta Albertoren bilaketa lanei eusteko aldarrikatzen dute euren senideek. Lan horiek "erritmo berean" jarraituko dutela adierazi du Aitor Zulueta Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa zuzendariak.

APIRILAK 5

Alberto Sololuzeren autoa aurkitu dute zabortegian, baina ez horren edo Joaquinen arrastorik.

APIRILAK 8

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak peritu txosten bat eskatu die hiru adituri, luiziaren arrazoiak zehaztu ahal izateko. Ondoren, Erresuma Batuko aholkularitza enpresa bati auditoria bat enkargatu zion, zabortegiari eman zitzaion baimenari buruz.

APIRILAK 24

Kanpo-auditoria batek Zaldibarko zabortegiaren ingurumen-baimena aztertuko du. Lan hori egiteko Ricardo Energy & Environment enpresa kontratatu du Ingurumen Sailak. Besteak beste, energiaren, ingurumenaren eta teknologiaren esparruetan ibilbide handia duen enpresa da.

MAIATZAK 6

Loreekin eta balkoietan lapikokadekin gogoratu dituzte Joaquin eta Alberto, desagertu eta hiru hilabetera.

MAIATZAK 13

Europako Batzordeak Zaldibarko zabortegiaren luizia ikertuko du, kasuaren "larritasunagatik". Haren iritziz, zabortegian atzeman beharrekoak ziren "hutsak" egon zitezkeen. Ingurumen Sailaren iritziz, "oinarririk gabeko ondorioak dira".

MAIATZAK 15

Bi desagertuen gorpuak aurkitzeko Zaldibarko zabortegian zehaztu zituzten lau bilaketa-guneetatik bi erabat berrikusita eta garbi daude, hondakinik gabe, Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Ermua Eibar Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Desagertutako pertsonak Zalla Zaldibar Lur-jausiei buruzko albisteak Durangaldea albisteak