Gizartea -
Sexu-erasoa
Aske utzi dituzte Mungian sexu-erasoa egitea leporatuta atxilotutako bi gizonak
Dena dela, hilean birritan epaitegian aurkezteko agindu die epaileak. Emakumea ostiraletik zegoen bikotekidearen etxean, gatibu eta sakelako telefonoa kendu ziotela.
Agentziak | Erredakzioa
Epaileak aske utzi ditu Mungian emakume bati sexu-erasoa egitea leporatuta astelehen goizaldean atxilotu zituzten bi gizonezkoak, hilean birritan epaitegian aurkezteko aginduarekin, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Astelehen goizaldean, 00:15 aldera, herritar batek Udaltzaingoari deitu zion, ondoko etxebizitzan iskanbila eta emakume baten oihuak entzuten zirelako.
Udaltzainak bertaratu zirenean, bi gizonezkoak identifikatu eta sukaldean odol arrastoak, mahai apurtu bat eta etxea nahaspilatuta ikusi eta gero, emakumezko baten oihuak entzun zituzten.
Bikotekidearekin eztabaida izan zuela eta, eraso eta gero, sexu-harremanak izatera behartu zuela esan zien emakumeak agenteei, aurpegian odola zuela. Gainera, beste gizonezkoak, bikotekidearen bizilagunak, ere erasoan parte hartu zuela esan zien.
Biktimaren salaketari esker jakin denez, Mungiatik kanpo bizi den emakumezkoa ostiraletik zegoen bikotekidearen etxean, gatibu eta sakelako telefonoa kendu ziotela. Horren aurrean, legez kanpoko atxikitzea ere leporatu diete ustezko bi erasotzaileei.
Atxilotuak Gernika-Lumoko Guardiako Epaitegiaren esku utzi zituzten atzo arratsaldean, eta epaileak aske utzi zituen, hilean birritan, hilaren 1ean eta 15ean, bertan agertzeko aginduarekin.