Gizartea -
Delituak
Bi atxilotu Mungian, legez kanpoko marihuana plantazio batean lapurtzeagatik
Horren bi jabeak ere identifikatu dituzte, eta epailearen esku utzi dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Ertzaintzako agenteek, Mungiako Udaltzaingoarekin lankidetzan, 47 eta 31 urteko bi gizon atxilotu zituzten asteartean, industria-pabiloi batean aurkitu zuten legez kanpoko marihuana plantazio batean lapurreta egin izana egotzita.
Plantazioak argiztapen, aireztapen eta ureztatze sistema aurreratuak zituen, eta argi eta ur kontsumoan iruzurra egiten ari ziren. Orotara, 600 marihuana landare inguru atzeman zituzten, garapen fase ezberdinetan. Ikerketa baten ostean, plantazioaren bi jabeak, higiezinaren errentariak, identifikatu zituzten eta osasun publikoaren aurkako delitu bat egotzi zieten.
Maiatzaren 12an, 23:00ak aldera, Herritarren Babeserako patruila bat Mungiako Basozabal auzora joan zen. Bertan, industria-pabiloi batean lapurretan ari zirela ohartarazi ondoren, ibilgailu bat bertara sartzen ikusi eta gero. Udaltzainek atea indarrez irekita zegoela ikusitakoan, barrura sartu ziren, eta kapota oraindik bero zuen furgoneta bat aurkitu, eta marihuana usain handia nabaritu zuten. Barrualdea aztertuta, solairuarte batean marihuana hazteko prestatutako bi gela zeudela egiaztatu zuten.
Pabiloia ikuskatzen ari zirela, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren agenteek goiko aldetik zetozen zaratak entzun zituzten, eta pabiloia aireztatzeko hodien artean ezkutatuta zeuden bi pertsona aurkitu zituzten. Identifikatu ostean, han zegoen marihuana lapurtu zutela baieztatu zuten, ibilgailuaren barruan marihuana-landarez beteta zegoen poltsa handi bat atzemanda. Furgoneta duela hilabete lapurtu zuten Eibarren. Beraz, bi pertsona horiek atxilotu, eta Gernika-Lumoko ertzain-etxera eraman zituzten.
Atxilotu ostean, Ertzaintzak ikerketa abiarazi zuen, eta, horri esker, plantazioaren jabeak identifikatu zituzten: pabiloia zazpi hilabeterako alokatu zuten 47 eta 37 urteko bi gizonak, hain zuzen. Pabiloia zigilatu eta landareak atzeman dituzte, eta atxilotuak Gernika-Lumoko guardiako epailearen esku utzi dituzte.