Gizartea -

Ikasgeletarako itzulera

Sindikatuek ikasturtea amaitzeko plana gelditzeko eskatu diote Hezkuntza Sailari

ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGTk EAEn ikasgeletarako itzulera langileekin adostea eta Batxilergoko 2. mailako ikasleei eta “amildegi digitalak” gogorren jo dituenei mugatzea eskatu dute  

Sindikatuek proposamen “seguru, adostu eta kalitatezkoa”. Argazkia: Efe.
Ikasgela, hutsik
Sindikatuek proposamen “seguru, adostu eta kalitatezkoa”. Argazkia: Efe.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek ikasturte amaierako planifikazioa gelditzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari, langileekin negoziatu eta adostu arte, eta ikasturtea burutzeko proposamen “seguru, adostu eta kalitatezkoa” helarazi diote Sailari.  

Horretan, aurrez aurreko eskoletara Batxilergoko 2. mailako ikasleak soilik itzultzea eskatu dute, unibertsitatera sartzeko hautaprobak prestatzeko, baita “amildegi digitalak” gogorren jotakoak ere.

Ohar bateratu batean, bost sindikatuek kritikatu egin dute Hezkuntza Sailak ikastetxeetan ikasturtea bukatzeko planteamenduak eta berorien aldaerak “ikuspegi pedagogikoak kontuan hartu gabe, beharrezko adostasunik gabe eta pandemiaren aurrean osasuna bermatzeko irizpideak lehenetsi gabe” egin dituela.

Sindikatuen ustez, “Hezkuntza Sailak egindako azken planteamendua, aurrekoa bezala, osasuna bermatzeko irizpideak eta irizpide pedagogikoak behar bezala uztartzen ez dituen egitasmoa da oraindik”.

Sindikatuen proposamena

Igartzen dituzten “gabezia eta hutsuneak” eta “ziurgabetasun eta kaosa” ikusita, sindikatuek 2019/2020 ikasturtea bukatzeko proposamen “seguru, adostu eta kalitatezkoa” helarazi diote Cristina Uriarte sailburuari.

ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek Hezkuntza Sailari proposatu diote ikastetxe guztiek irizpide berberei jarraitzea aurrez aurreko eskolak abiatzeko, zentro ezberdinetako ikasleen artean “amildegirik” sor ez dadin.

Langileen ordezkariek proposatu dute Batxilergoko 2. mailako ikasleak, unibertsitatera sartzeko hautaproba egin behar dutenak, eta “konfinamenduan amildegi digitalaren eraginak gogorren pairatu dituzten ikasleak” soilik itzultzea aurrez aurreko eskoletara.   

Halaber, ikasturtea amaitzeko “aldebakarreko erabakiak” bertan behera uzteko eskatu dute, ikastetxe publikoetan aurrez aurreko eskolak berrabiatzeko jarraibideak barne, “negoziazio prozesu bat gauzatzen eta sindikatuek bidalitako proposamenean jasotako eskaerak betetzen ez diren arte”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Koronabirusa olatu berria Deseskalatzearen azken ordukoa