Gizartea -
Tratu txarrak animaliei
Gizon bat ikerketapean, Elizondon "enbarazu" egiten zion betizu bat hiltzeagatik
Desagertzeko arriskuan dagoen animalia denez, babes berezia du behi arraza horrek.
agentziak | erredakzioa
Ingurugiroko Ikerketa Taldeko foruzainek etxeko animalia bati tratu txarrak ematea leporatzen diote Goizuetako herritar bati, betizu behi bat hiltzeagatik "enbarazu" egiten ziolako. Animalia horrek babes berezia du desagertzeko arriskuan dagoelako.
Herritar batek behia tiroz hilda zegoela ikusi ondoren, horren berri eman, eta foruzainak Elizondora joan ziren, Foruzaingoak jakinarazi duenez.
Animaliaren jabearekin hitz egin zuten ondoren, eta horrek salatzeko asmoa erakutsi zuenez, ikerketa jarri zuten abian.
Animaliaren ustezko hiltzailea ikertu gisa deitu zuten polizia-etxetik, eta aipatu iturrien arabera, animalia hil izana aitortu zuen, animaliek enbarazu egiten ziotelako haserretu ondoren.
Foruzaingoak bi eskopeta kendu zizkion gizonari, eta Iruñeko guardiako epaitegiaren eta Nafarroako Ingurugiro Fiskaltzaren esku utzi dute kasua.