Gizartea -

KORONABIRUSA

6 hildako EAEn eta 1 Nafarroan azken orduetan COVID-19aren ondorioz

Zehazki, 12 positibo gehiago zenbatu dituzte Euskadin azken orduetan eta 7 Nafarroan.

Hainbat pertsona Bilbon paseatzen. Argazkia: EFE
Hainbat pertsona Bilbon paseatzen.
Hainbat pertsona Bilbon paseatzen. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, 6 pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) azken 24 orduetan; beraz, orain arte 1511 hildako zenbatu dira. Horrez gain, 12 kasu berri baieztatu dira PCR proben bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak asteazken honetan emandako datuen arabera (astearteko 24:00ak arte bildutakoak).

Horrela, datuek zertxobait okerrera egin dute asteartean zabaldutakoekin alderatuta, baina koronabirusak eragindako pandemiaren bilakaera beheranzko joera izaten ari dela erakusten dute; izan ere, hildakoen kopurua 10etik beherakoa izan da. Osasun Sailak jakitera eman duenez, gaitza atzemateko 4996 detekzio-proba egin zituzten atzo: 3543 PCR eta 1453 test azkar.

Azken orduetan, 12 kasu atzeman dituzte EAEn PCR proben bidez (13.496 positibo guztira) eta 103 test serologikoen bidez (6082), Eusko Jaurlaritzaren arabera; beraz, 19.578 kasu baieztatu dira orain arte.

Bizkaian, 10 kasu atzeman dituzte PCR bidez, eta bertan baieztatu dituzte orain arte positibo gehien (7592 guztira). Araban, berriz, 2 kasu zenbatu dituzte azken orduetan (3002), eta Gipuzkoan (2313), ordea, ez dute kasu berririk atzeman azken 24 orduotan, zazpigarren egunez jarraian.

Araban baieztatutako kasuei dagokienez, Gasteizen atzeman dituzte. Bizkaiko kasuan, berriz, Barakaldon (2), Bilbon (7) eta Santurtzin (1) bizi dira azken 24 orduetan PCR bidez egindako probetan positibo eman duten pertsonak.

Horrez gain, Euskaditik kanpo bizi diren herritarrei egindako probetan 589 kasu positibo atzeman dituzte orain arte EAEn, baina horietako bat ere ez azken 72 orduetan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez.

Osasun arloko krisi hau hasi zenetik, Euskadin 190.993 PCR proba eta 109.183 test azkar egin zaizkie 167.354 pertsonari (paziente askori behin baino gehiagotan egin zaizkie probak).

PCR proben bitartez, pertsona batek une horretan bertan birusa duen edo gaixo dagoen jakin daiteke. Test azkarrek, berriz, pertsona bat kutsatuta egon den ala ez jakinarazten dute, baina ez dute zehazten gaixotasuna garatu duen, oraindik duen edo dagoeneko sendatuta dagoen; izan ere, test azkarrek pertsona batek hartutako immunitatea edo sortutako antigorputzak neurtzen dituzte, eta, beraz, iraganeko infekzio bat isla dezakete.

Eusko Jaurlaritzaren arabera, azken 24 orduetan 172 pertsona sendatu dira (17.702 guztira). Bestalde, EAEn kutsatzeen indizea batetik beherakoa da (0,62). Zehazki, kutsatu bakar batek batez beste zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du horrek.

Osasun Sailaren esanetan, koronabirusaren eraginez zainketa intentsiboetako unitatean artatu behar izan dituzten pertsonen kopuruak behera egin du, atzo zabaldutako datuekin alderatuta paziente 1 gutxiago baitago. Horrela, gaur egun 27 pertsona daude EAEko zainketa intentsiboetako unitateetan COVID-19arekin lotuta.

Orain arte, guztira 1511 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz EAEn (gaixotu diren guztien % 7,7), Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez.

Gainera, 365 gaixo daude oraindik (% 1,9). Azken orduetan, 9 pertsona ospitaleratu dituzte COVID-19agatik, eta, Osasun Sailak jakinarazi duenez, gaur egun 296 pertsona daude ospitaleratuta (269 gela arruntetan eta 27 ZIUetan).

Hildako bat eta zazpi positibo berri Nafarroan

Azken orduetan COVID-19aren ondorioz heriotza bat izan da Nafarroan, hildakoen kopurua 513ra igo da, eta PCR probekin zazpi positibo berri baieztatu dira, guztira 5.246. Test azkarren bidez baieztatutakoak gehituz gero, 9088 kutsatu daude.

Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, kasu berri batek ere ez du ospitaleratua izan behar.

Lau ospitaleratu gutxiago daude, eta guztira ospitalean dauden lagunak 76 dira: 62 gela arruntetan, hamaika zainketa intentsiboetako unitateetan eta hiru etxeko zaintzan. Nafarroan, guztira, 5251 pertsona sendatu dira.

Osasun-arloko langileen artean bost alta erregistratu dira; beraz, kasu aktiboen kopurua 57 da.

Osasun Ministerioak 39 heriotza eta 231 kutsatze jakinarazi ditu

Espainiako Osasun Ministerioak koronabirusak eragindako 39 heriotza jakinarazi ditu asteazken honetan, guztira 27.118 dira hildakoak pandemia hasi zenetik; gainera, azken 24 orduetan 231 kutsatu zenbatu dituzte, atzo baino 37 gehiago, eta guztira 236.769 dira.

Horiek dira Salvador Illaren departamenduak emandako zifrak, joan den astelehenean kasu bakoitzari buruzko informazio indibidualizatua lortzeko, serieak zuzentzeko eta bikoiztuak ezabatzeko datuak biltzeko sistema aldatu ondoren.

Sistema berriarekin azken 7 egunetako heriotzak kontuan hartzen dituzte, eta 39 dira asteazkenean zenbatutakoak.

Hala eta guztiz ere, 27.118 hildako daude guztira, eta atzo emandako 27.117 hildakoekin alderatuz gero bakar bateko aldea dago.

Fernando Simon Alertak eta Larrialdi Sanitarioak Koordinatzeko Zentroko zuzendariak atzo azpimarratu zuenez, kopuruen arteko desorekek "egun batzuetan" jarraituko dute.

Jakinarazitako 39 heriotzetatik, azken zazpi egunetan gehien erregistratu diren autonomia erkidegoak Katalunia (9), Galizia (6), Errioxa (5) eta Gaztela eta Leon (4) dira.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Nafarroako Osasun Zerbitzua