Gizartea -
Gertakizuna
Neska adingabe batek sexu erasoa salatu du Donostian
Biktima Donostia Ospitalean artatu dute. 10 egunetan Gipuzkoako hiriburuan jazotako bigarren sexu erasoa izan da.
Erredakzioa
Neska adingabe batek sexu erasoa salatu du Donostia-n, Herrizaingo Sailaren iturriek eitb.com-i baieztatu diotenez.
Salaketa larubatetik iganderako goizaldean aurkeztu zuen, komisaria batean, eta ondoren Donostia Ospitalean artatu zuten, protokoloari jarraiki.
Aipatu iturriek ez dute datu gehiagorik baieztatu, baina Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari dela gaineratu dute.
Antza denez, erasotzaileak Donostiako erdialdetik jarraitu zuen neskatoa, eta haren etxebizitzaren inguruetan gauzatu zuen sexu erasoa.
Jende andana bildu da Emakumeen Mundu Martxak elkarretaratzea 19:30 aldera dietu duen elkarretaratzean, eraso hau eta azken egunetan Bilbon eta Baionan gertatutakoak ere gaitzesteko.
Udalaren salaketa
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak salatu egin du erasoa, eta Udala ez dagoela "inolako sexu erasorik onartzeko prest" ohartarazi du.
Izagirre prentsaurrekoan agertu da, Naiara Sampedro Berdintasun zinegotziarekin eta Enrique Ramos (PSE), Eneko Goya (EAJ) eta Ramon Gomez (PP) zinegotziekin batera, adierazpen bateratu bat irakurtzeko.
Alkateak talde guztien elkartasuna adierazi die biktimari eta haren senideei, eta laguntza eskaini die. Hori horrela, Sampedrok azaldu du Gizarte Gaietarako Sailak laguntza legala eta psikologikoa eskaintzen dutela.
Izagirrek iragarri du Udalak bat egingo duela "eraso hau edo antzekoak" salatzeko deitutako protestekin.
Bigarren erasoa
Joan den astean, Donostiako Aste Nagusian barrena, gizonezko bat 16 urteko neskato bat bortxatzen saiatu zen.
Nerea Txapartegi Kultura zinegotziak azaldu zuenez, neskatoa autobus geltoki batean zegoen, eta erasotzailea berarekin batera motorrean joatea proposatu zion. Biak ibilgailura igo, eta gizonak kale estu batera eraman zuen, bortxatzen saiatzeko. Azkenean, baina, ezin izan zuen gauzatu "herritarren laguntzari esker".