Gizartea -

Gipuzkoa

1600 marihuana landare zituen plantazio bat desegin dute Zarautzen

Kalamu elkarte baten bi pabiloitan atzeman ditu Ertzaintzak landareak, eta bi pertsona inputatu ditu osasun publikoaren aurkako delitua leporatuta.

1600 marihuana landare zituen plantazio bat desegin dute Zarautzen. Argazkia: Ertzaintza
1600 marihuana landare zituen plantazio bat desegin dute Zarautzen
1600 marihuana landare zituen plantazio bat desegin dute Zarautzen. Argazkia: Ertzaintza

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 1600 marihuana landare zituen plantazio bat atzeman du Zarautzen, herriko erdiguneko bi lonjatan ezkutatuta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak astearte honetan jakitera eman duenez.

Zehazki, kalamu elkarte baten bi pabiloitan atzeman ditu Ertzaintzak landareak, eta, ondorioz, elkarte horretako bi arduradun inputatu dituzte osasun publikoaren aurkako delitua leporatuta.

Ertzaintzak asteazkenean abiatu zuen operazioa; izan ere, elkarte horren pabiloi baten atzealdean zegoen patruila batek gizon bat ikusi zuen bertatik irteten, 46 marihuana landare zituen kutxa batekin.

Pabiloi horien barruan droga-trafikoarekin lotutako delitu bat egiten ari zirela susmatuta, Urola Kostako polizia-etxeko ikerketa taldea elkarteko arduradunekin jarri zen harremanetan, elkartearen jabetzako pabiloietan sartu eta miaketa egiteko.

Miaketa ostiralean egin zuten, elkarte horretako bi arduradunekin batera, eta agenteek 1600 marihuana landare eta horiek hazteko beharrezko gailuak aurkitu zituzten. Horrez gain, kukulu-poltsa prentsatuak eta marihuana-aldaxkak zituzten poltsak eta kutxak ere aurkitu zituzten. Denak atzeman zituzten.

Horren aurrean, elkarte horretako bi arduradunak inputatu dituzte, osasun publikoaren aurkako delitua leporatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Gipuzkoa Delituak Drogak Zarautz Salaketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak