Gizartea -

KORONABULOAK

Ez dituzte kontuak pirateatzen egun on esateko bidaltzen diren irudien bitartez

Ez dago datu pertsonalak lapurtzeko kanpainarik egun on edo gabon esateko agurtzen duten irudi edo bideoen bidez. Aldiro itzultzen den bulo zahar bat da.

Bulo sobre el envío de imágenes para dar los buenos días. Foto: EiTB
Bulo sobre el envío de imágenes para dar los buenos días.
Bulo sobre el envío de imágenes para dar los buenos días. Foto: EiTB

EITB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txinako pirata informatikoak ez dira erabiltzaileen kontu pertsonalak bahitzen ari, egun on edo gabon agurrak bidaltzeko balio duten irudiak edo bideoak baliatuta. Aldiro bueltatzen den bulo zahar bat da, hainbat hizkuntzatan aurki daitekeena.

Azken egunotan WhatsApp bidez hedatu den mezu baten arabera, "400 milioi kontu baino gehiago pirateatu" dituzte "egun on, gau on, aste zoriontsua izan dezazula..." adierazteko asmoz erabiltzaileek elkarri bidaltzen dizkieten irudien eta bideoen bitartez. Mezuaren esanetan, "Txinako pirata informatikoek" mota horretako fitxategiak darabiltzate "gailuetatik informazio pertsonala lapurtzeko".

Zenbait erabiltzaile #Koronabuloak ekimenarekin jarri dira harremanetan 600 900 454 zenbakiaren bitartez, mezu horretan esandakoez larrituta. Koronabirusaren inguruan sortzen diren albiste faltsuei aurre egiteko asmoz EiTBk martxan jarritako telefonoa da.

Honako hau da WhatsApp bidez iristen den mezu osoa:

Egun on mezuei buruzko buloaren irudia

Egun on mezuei buruzko buloaren irudia. Argazkia: EiTB

COVID-19ari buruzko albiste faltsuei aurre egiteko egitasmoan, Euskal Irrati Telebistak Maldita.es webgunearen laguntza ere badu, besteak beste, eta ekimen horrek dagoeneko ezeztatu ditu aipatu mezuan esandakoak, Maldito Bulo atalaren barruan.

Hartara, urtebeteren buruan itzuli den albiste faltsu baten aurrean gaude; izan ere, Maldito Bulo ekimenak 2019ko maiatzaren 7an plazaratu zuen lehendabizikoz mezu horri buruzko aurreneko ezeztatzea, Guardia Zibilaren Delitu Teknologikoen Unitatetik jasotako informazioetan oinarrituta, orduko txio honetan ikus daitekeenez:

Haatik, esku artean dugun mezua are zaharragoa da, Erdialdeko Amerikako zenbait hedabide digitalek mezu horren berri eman baitzuten dagoeneko 2018an, hura gezurtatzeko asmoz. Hala egin zuen, esaterako, Costa Ricako La Nación egunkariak, 2018ko abuztuaren 3ko bertsio digitalean irakur daitekeen albiste baten bidez. Orduko hartan, mezuaren edukia aldatuta zegoen zertxobait, Txinako ustezko gaizkileek lapurtutakoa dirua baitzen eta ez datu pertsonalak: "400 milioi baino gehiago", hain justu ere, "hainbat bankutako bezeroei kendutakoak". Egun batzuk geroago, urte bereko abuztuaren 30ean, Verificado mexikar egiaztapen-komunikabidea izan zen WhatsAppeko katearen egiazkotasuna ezeztatu zuena.

Bulo bera beste hizkuntza batzuetan

Gaztelania ez da bulo honen adibideak dituen hizkuntza bakarra, kate berari buruzko aipamenak beste hizkuntza batzuetan ere badirelako, besteak beste, ingelesez edo portugesez. Azken hori 2017ko urrian agertutako albiste bati dagokio, eta hala jasotzen du Newtral egiaztapen-komunikabideak, Maldita.es-ekin batera Nazioarteko Datu Egiaztatzaileen Sarearen (International Fact-Checking Network) parte denak.

Halaber, hedabide horretan bertan, Espainiako Zibersegurtasunerako Institutu Nazionaleko (INCIBE) bozeramaile batek azaldu du mezu horrek buloa izateko ezaugarri guztiak betetzen dituela: "inpertsonala" delako, "txarto idatzia" dagoelako eta "larritasuna eragin" nahi duelako. Ondorioz, kasurik ez egitea eta mezua ezabatzea da adituak emandako gomendioa.

Euskal Irrati Telebista Maldita.es atariarekin, VOST Euskadirekin eta Eva Caballerok Radio Euskadin duen La Mecanica del Caracol dibulgazio-saioko komunitate zientifikoarekin ari da elkarlanean, koronabirusaren inguruan azaltzen diren albiste faltsu eta zurrumurruei aurre egiteko asmoz.

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Albiste faltsuak