Gizartea -

Diputatuen Kongresua

Espainiako Gobernuak alarma osteko osasun neurrien dekretua onartuko du asteartean

Beranduenera jota ekainaren 21etik aurrera jarriko dira martxan, baina aurreratuen doazen erkidegoetan lehenago, bertako agintariek hala erabakiz gero.

Jendea maskararekin kalean. Argazkia: Efe
Jendea maskararekin kalean. Argazkia: Efe
Jendea maskararekin kalean. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri du asteartean lege dekretu bat onartuko duela Ministroen Kontseiluak, eta bertan jasoko dituztela COVID-19ari aurre egiteko osasun neurriak alarma egoera amaitzen denetik aurrera. Beranduenera jota ekainaren 21etik aurrera jarriko dira martxan, baina aurreratuen doazen erkidegoetan lehenago, bertako agintariek hala erabakiz gero.

"Normaltasun berrirako" lege dekretu horretan jasoko dira osasun krisiari aurre egiteko "prebentzio, euste eta koordinazio" neurriak.

Alarma egoeraren azken luzapenarekin (ekainaren 21a arte), Diputatuen Kongresuak gaur onartuko duenarekin, erkidegoak 3 fasean (trantsizio planean aurreikusitako azkena) egongo dira edo sartu ahal izango dira ekainaren 8an, eta ordutik aurrera eurek erabaki ahal izango dute alarma egoeratik ateratzen diren ala ez, osasun egoeraren arabera.

Hori horrela, erkidego batzuek alarma egoera ekainaren 21a baino lehenago amaitzeko aukera izango dute. Horregatik ikusi du Espainiako Gobernuak lege dekretua prestatzeko beharra. Besteak beste, alarma egoeratik kanpo ere maskara erabiltzeko beharra jasoko du dekretuak.

Ciudadanosekin adostutakoa betetzea

Dekretu horrekin Espainiako Gobernuak Ciudadanosekin alarma egoera luzatzeko egindako akordioa beteko du. Hori bai, Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteordeak azaldu zuenez, lege dekretuak ez du balioko zirkulazio askatasuna murrizteko, hau da, oinarrizko eskubide hori zalantzan jartzeko. Alarma egoeratik kanpo herritar multzo bat konfinatu beharko balitz, erkidegoak hartu beharko luke erabaki hori, epaile baten babesarekin, Tenerifeko hotel batean otsailean egin zuten moduan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua Espainia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea