Politika -

Koronabirus

Ciudadanosek alarma-egoeraren seigarren luzapenaren alde bozkatuko du bihar

Alderdi laranjaren babesa ez da ezinbestekoa luzapena aurrera ateratzeko, ERCren abstentzioa eta EAJren aldeko botoak direla eta, baina "zentzuz eta koherentziaz" bozkatuko duela esan du.

Kongresua. Argazkia: EFE
Kongresua.
Kongresua. Argazkia: EFE

Agencias | Redacción

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ciudadanosek gaur egun indarrean dagoen alarma-egoeraren seigarren luzapenaren alde bozkatuko du asteazken honetan Kongresuan, Pedro Sanchezen gobernuarekin akordioa adostu ostean. Zehazki, deseskalatze prozesuaren azken txanpan onartuko den azken luzapen horren dekretuan jasotako neurriak "berdinak" izango dira autonomia erkidego guztietan, erkidego bakoitzaren osasun arloko egoera edozein dela ere.

Alderdi laranjaren babesa ez da ezinbestekoa luzapena aurrera ateratzeko, ERCk abstentzioa eta EAJk aldeko botoak iragarri baitituzte, baina "zentzuz eta koherentziaz" bozkatuko duela esan du, "beste taldeek egiten dutena alde batera utzita".

Akordio horri esker, beraz, alarma-egoera 15 egunez luzatzea beharrezkoa dela berretsi nahi dute Espainiako Gobernuak eta Ciudadanosek.

Autonomia erkidego guztietan "neurri berdintsuak" bermatzeaz gain, ekainaren 15a baino lehen Sanchezen gobernuak beste errege lege-dekretu bat aurkeztea adostu dute bi aldeek, deseskalatze prozesua amaitzen duten probintzietan alarma-egoera bertan behera nola utziko duten arautzeko.

Horrez gain, udazkenean koronabirusaren beste agerraldi bat izatekotan, alarma-egoera berriz ezarri ordez bestelako neurri batzuk eskura izateko egin beharreko lege-erreformak aztertu beharko ditu Espainiako Gobernuak.

Halaber, Espainiako Osasun Sistemaren Lurralde arteko Kontseiluaren baitan autonomia erkidego guztiak "neurri berean" kontuan izateko konpromisoa hartu du Sanchezen gobernuak, alarma-egoeratik "modu ordenatuan ateratzea eta pandemia modu egokian kudeatzea" bermatuko duen beharrezko esparru juridikoa aztertzeko.

Gainera, hilaren 15a baino lehen, sektore turistikoa suspertzeko plan bat onartuko du, 2.500 milioi eurokoa, sektorearen likidezia bermatzeko helburuarekin.

Kopuru horri beste 151 milioi euro gehitu behar zaizkio, sektorea eraldatzeko eta digitalizatzeko inbertsiorako, bidaia jasangarriak bultzatzea helburu izango duena barne, baita enpresa, negozio eta langileentzako prestakuntza-programak ere.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika EAJ-PNV PSOE Espainiako Gobernua Espainia Alderdi politikoak Gaixotasunak Ciudadanos Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak ERC Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea