Gizartea -
KORONABIRUSA
Zortzi hildako eta bost positibo gehiago zenbatu dituzte Euskadin azken orduetan
Nafarroan hildakorik gabeko beste egun bat izan dute; guztira 515 pertsona hil dira Nafarroako Foru Erkidegoan.
Agentziak | Erredakzioa
Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, zortzi pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) azken 24 orduetan; beraz, orain arte 1561 hildako zenbatu dira. Horrez gain, bost kasu berri baieztatu dira PCR proben bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostegun honetan emandako datuen arabera (asteazkeneko 24:00ak arte bildutakoak).
Horrela, datuek zertxobait hobera egin dute atzo zabaldutakoekin alderatuta, eta koronabirusak eragindako pandemiaren bilakaera beheranzko joera izaten ari dela erakusten dute. Osasun Sailak jakitera eman duenez, gaitza atzemateko 3695 proba egin zituzten atzo: 2763 PCR eta 932 test serologiko.
Azken orduetan, bost kasu atzeman dituzte EAEn PCR proben bidez (13.533 positibo guztira) eta 45 test serologikoen bidez (6474), Eusko Jaurlaritzaren arabera; beraz, 20.007 kasu baieztatu dira orain arte.
Datuak lurraldez lurralde ikusita, Araban hiru pertsonak eman dute positibo PCR probetan azken 24 orduetan (3016 guztira), eta Bizkaian beste bi kasu atzeman dituzte. Bizkaia da orain arte PCR proben bidez positibo gehien detektatu dituen lurraldea (7615 guztira). Gipuzkoan, ordea, ez dute kasu berririk atzeman azken orduetan. Hain zuzen ere, Gipuzkoan zenbatu dira orain arte lurraldeko daturik baxuenak (2313 guztira).
Araban baieztatutako kasuei dagokienez, Gasteizen (hiru) atzeman dituzte. Bizkaian, berriz, Barakaldon (bat) eta Basaurin (bat) bizi dira azken 24 orduetan PCR bidez egindako probetan positibo eman duten pertsonak.
Horrez gain, Euskaditik kanpo bizi diren herritarrei egindako probetan 589 kasu positibo atzeman dituzte orain arte EAEn, baina horietako bat ere ez azken egunetan.
Osasun arloko krisi hau hasi zenetik, Euskadin 211.789 PCR proba eta 117.010 test azkar egin zaizkie 186.747 pertsonari (pertsona askori behin baino gehiagotan egin dizkiete probak).
PCR proben bitartez, pertsona batek une horretan bertan birusa duen edo gaixo dagoen jakin daiteke. Test azkarrek, berriz, pertsona bat kutsatuta egon den ala ez jakinarazten dute, baina ez dute zehazten gaixotasuna garatu duen, oraindik duen edo dagoeneko sendatuta dagoen; izan ere, test azkarrek pertsona batek garatutako immunitatea edo sortutako antigorputzak neurtzen dituzte, eta, beraz, iraganeko infekzio bat isla dezakete.
Eusko Jaurlaritzaren arabera, azken 24 orduetan 101 pertsona sendatu dira (16.757 guztira). Bestalde, EAEn kutsatzeen indizea batetik beherakoa da (0,74). Zehazki, kutsatu bakar batek batez beste zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du horrek.
Osasun Sailaren esanetan, koronabirusaren eraginez zainketa intentsiboetako unitatean artatu behar izan dituzten pertsonen kopuruak behera egin du; izan ere, atzo zabaldutako datuekin alderatuta, bi paziente gutxiago daude. Horrela, gaur egun COVID-19ak erasandako 22 pertsona daude EAEko zainketa intentsiboetako unitateetan.
Orain arte, guztira 1561 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz EAEn (gaixotu diren guztien % 7,8), Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez.
Gainera, 1689 gaixo daude oraindik (% 8,4). Azken orduetan, hiru pertsona ospitaleratu dituzte COVID-19agatik, eta, Osasun Sailak jakinarazi duenez, gaur egun 244 pertsona daude ospitaleratuta (222 gela arruntetan eta 22 ZIUetan).
*OHARRA*: Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zabaldutako txostena hainbat profesionalek egiten dute, eta informazioa lantzeko prozesuaren fase ezberdinetan beharrezko diren analisiez arduratzen da bakoitza. Hala, zabaldutako informazioa etengabe berrikusten da, eta zuzenketa txikiak egiten dira egunero.
COVID-19aren ondoriozko hildakorik gabeko eguna Nafarroan
Beste egun batez ez da inor hil koronabirusaren ondorioz Nafarroan, eta, beraz, datu hori ez da aldatu (515 hildako); positibo emandakoak, berriz, 5.396 dira, lau gehiago atzeman baitituzte.
Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, ospitaleratzeak 63ra murriztu dira, alta bat izan baita. Era berean, zainketa intentsiboetako unitateetan ere murriztu egin da pazienteen kopurua, bat gutxiago zenbatu baitute. Beraz, 49 paziente daude gela arruntetan, 10 zainketa intentsiboetako unitateetan eta lau etxeko zaintzan.
Espainian bost hildako izan dira azken orduetan, 56 azken astean
Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, bost pertsona gehiago hil dira Espainian azken orduetan COVID-19aren ondorioz; 27.133 hil dira jada.
Datuen arabera, azken zazpi egunetan 56 pertsona hil dira: bi Andaluzian, bederatzi Asturiasen, 25 Gaztela eta Leonen, zazpi Katalunian, hiru Valentzian, lau Extremaduran, bat Galizian, bi Madrilen, bat Euskal Autonomia Erkidegoan eta bi Errioxan.
Txostenaren arabera, 195 kutsatu izan dira azken 24 orduetan, eta atzo 219. Hala, 240.660 positibo eman dituzte guztira. Azken bi asteetan 965 pertsonak izan dituzte COVID-19aren sintomak, 230ek azken zazpi egunetan.
195 positibo berrietatik, bederatzi Andaluzian atzeman dituzte, hiru Aragoin, lau Kanarietan, lau Gaztela-Mantxan, 14 Gaztela eta Leonen, 51 Katalunian, zazpi Ceutan, lau Valentzian, bat Galizian, 87 Madrilen, bost Murtzian, lau Nafarroan eta bi Euskal Autonomia Erkidegoan.
Azken astean 166 pertsona ospitaleratu behar izan dituzte (124.227 guztira): 19 Andaluzian, zortzi Aragoin, sei Asturiasen, bat Balear Uharteetan, hiru Kanarietan, hiru Kantabrian, zortzi Gaztela-Mantxan, 37 Gaztela eta Leonen, hogei Katalunian, bi Ceutan, hiru Valentziako Erkidegoan, hiru Extremaduran, zazpi Galizian, 35 Madrilen, hiru Murtzian eta bi Nafarroan.