Gizartea -
INGURUMENA
"Ingurumen justizia" aldarrikatu dute mundu osoko adituek
Ingurumenaren Nazioarteko Eguna dela eta, Eusko Jaurlaritzak dirulaguntzak iragarri ditu asteon, ingurumena babesteko inbertsioak egiten dituzten enpresentzat.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
COVID-19ak eragindako pandemia bezalakoak ekidin nahi badira, ezinbestekoa da ingurugiroa babestuko duten politika jasangarriak martxan jartzea, horretarako behar diren inbertsioak agendaren lehen lerrora ekarrita. Mundu osoko 40 milioi zientzialarik, medikuk eta ingurumenean adituk plazaratutako idatziak jasotzen duen eskari nagusia da hori.
Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren harira, gutuna igorri diote G20a osatzen duten agintariei, "osasun publikoa" eta "ingurumen justizia" berma dezatela eskatzeko.
Munduko Osasun Erakundearen (MOE) arabera, koronabirusaren pandemiak argi eta garbi erakutsi du ingurugiroa zaindu ezean, herritarren osasuna ez dagoela bermatuta. Azken datuen arabera, 380.000 pertsona hil dira munduan COVID-19 gaitzak jota, eta 6,29 milioi herritar baino gehiago kutsatu dira.
Naturaren suntsitzea eta osasun pandemiak elkar lotuta daudela nabarmendu du MOEk, eta Kongoko Errepublika Demokratikoa astindu duen ebola gaitza ekarri du gogora, pandemia horrek ere milaka eta milaka herritar hil dituela esateko. Gaitzaren beste agerraldi gogor bat bizi dute Afrikako herrialde horretan, eta, ikerketa guztien arabera, jatorria animalietan dago.
Dirulaguntzak, EAEko enpresentzat
Ingurumenaren Nazioarteko Eguna dela eta, Eusko Jaurlaritzak dirulaguntzak iragarri ditu asteon, ingurumena babesteko inbertsioak egiten dituzten enpresentzat.
Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuak ziurtatu duenez, 2 milioi euroko partida bat onartu berri du Jaurlaritzak, neurri jasangarriak hartzen dituzten enpresak diruz laguntzeko.
Arriolaren arabera, Europako Batasunaren araudia ardatz hartuta, ingurumena zaintzeko proiektuak bultzatuko dituzte, eta, "kutsatutako lurrak berreskuratzera" eta "hondakinak berrerabiltzera" bideratutako egitasmoak lehenetsiko dituzte.
Nafarroa: "Gazteria eta ingurumena"
Nafarroako Foru Gobernuko Gazteriaren Institutuak, bere aldetik, 'Gazteria eta ingurumena' izenburupean, galdeketa bat egin du, gazteek ingurumenaren inguruan duten iritzia ezagutzeko. Besteak beste, "gazteak klima aldaketarekin oso kezkatuta eta kontzientziatuta" daudela ondorioztatu dute inkesta horretatik.
Carlos Amatriain Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendariak eman ditu ezagutzera galdeketaren emaitzak. Denera, 16 eta 30 urte arteko 800 gazteri egin diete elkarrizketa.
Amatriainen arabera, Greta Thunberg aktibistak iaz abiatutako bideak gazte askoren kontzientzia piztu zuen, eta ingurumena horien kezka nagusien artean kokatu da.