Gizartea -

Omenaldia Iruñean

Ehun bat pertsonak Elhadji Ndiayeri omenaldia egin diote George Floyden garaian

Ndiaye Arrotxapean atxilotu zuten duela lau urte, eta polizia-etxean hil zen. Soinean elastiko beltzak jantzita, manifestariek elkarretaratzea egin dute atxiloketa gertatu zen tokian.

Elhadji Ndiayeri omenaldia Iruñean. Argazkia: Sortu
Elhadji Ndiayeri omenaldia Iruñean. Argazkia: Sortu
Elhadji Ndiayeri omenaldia Iruñean. Argazkia: Sortu

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizartearen “egiturazko arrazakeria” salatu du komunitate beltzak ekitaldi batean, Iruñean. George Floyd bezalako kasuak, abusuak eta heriotzak Ameriketako Estatu Batuetan bakarrik ez, Nafarroan ere gertatu direla gogorarazi dute manifestariek.

Ehun bat pertsonak Elhadji Ndiaye senegaldarrari omenaldia egin diote goizean. Ndiaye Iruñeko Arrotxapea auzoan atxilotu zuten duela lau urte, eta ondoren polizia-etxean hil egin zen.

Soinean elastiko beltzak jantzita, manifestariek elkarretaratzea egin dute atxiloketa gertatu zen tokian, Marcelo Celayeta etorbidean. Bertan Ndiayeren argazki bat jarri, hiru arrosa beltz utzi eta aldarearen aurrean belauniko jarri dira ukabila goian zutela minutu batez.

Herri beltzak “mendeetan bizi izan duen bidegabekeria” salatu du Maodou Falle Africa United elkarteko kideak. “Gauzak okerrera egin du”, ohartarazi duenez. George Floyd bezalako kasuak AEBetan bakarrik ez, Nafarroan ere gertatu direla gogorarazi du.

“George Floyd Ameriketako Estatu Batuetan hil dutenak gure anaia Elhadji Marcelo Celayetan hil zutenak dira”, adierazi du. Horregatik, “bidegabekeria salatzen eta borrokan” jarraitzea eskatu du.

"George Floyd AEBetan hil dutenak gure anaia Elhadji Marcelo Celayetan hil zutenak dira"

Bestalde, Ainhoa Urrutiak (Sortu) ohar bat irakurri du: “bizitza beltzak axola zaizkigu”, baita “zapalduen, esplotatuen eta baztertuen bizitzak” ere.

“Guztien bizitzak axola zaizkigu eta faxismoa eta arrazakeria bultzatzen duen botere oligarkikoaren aurrean defendatzeko eta borrokatzeko prest gaude, gure bizitzen kontura pribilegioak betikotu nahi dituztelako”, aldarrikatu du.

Horregatik, Estatuaren “egiturazko” arrazakeriaren aurka borroka egingo dute, “lege arrazista eta ankerrekin bukatu arte”.

“Guztiek barruan daramagun” arrazakeriaren aurka borroka egingo dute, “nahiz eta ikustea kostatu”, erantsi duenez.

“Faxismoaren, arrazakeriaren, kontra borroka egingo dugu, gure eskubideak eta bizitza duina bereganatu arte”, azpimarratu du.

Larunbat honetarako, 12:00etan, elkarretaratzea deitu dute, “arrazakeriaren eta bortizkeria poliziaren” aurka protesta egiteko eta “bizitza beltzak ere axola zaizkigula” aldarrikatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Ameriketako Estatu Batuak Arrazismoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak