Mundua -

Ameriketako Estatu Batuak

Floyden heriotzagatik inputatutako poliziaren aurkako karguak gogortu ditu Fiskaltzak

Derek Chauvin poliziari bigarren graduko hilketa leporatuko dio; ondorioz, 40 urteko kartzela-zigorra ezarri ahalko diote gehienez ere. Beste hiru agenteei konplize izatea egotzi die.

George Floyden heriotza salatzeko protesta jendetsua. Argazkia: EFE
George Floyden heriotza salatzeko protesta jendetsua.
Istilu gutxiago izan dira bart AEBn

2:19

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Keith Ellison AEBko Minnesota estatuko fiskal nagusiak Derek Chauvinen aurkako karguak gogortu ditu. George Floyd atxilotu zuen poliziak haren lepoa belaunarekin estutu zuen, eta herritar afro-amerikarra handik minutu gutxira hil zen. Horrez gain, atxiloketa egin zutenean bertan zeuden beste hiru agenteei konplize izatea egotzi die.

Ellisonek asteazken honetan kazetarien aurrean egindako agerraldian azaldu duenez, Chauvinen aurkako akusazioa bigarren graduko hilketa kargura igo du, maiatzaren 29an hirugarren graduko hilketa eta zuhurtziagabekeriazko erailketa egotzi ostean.

Floyden atxiloketan izan ziren Tou Thao, J. Alexander Kueng eta Thomas Lane polizien aurkako karguak ere aurkeztu ditu Minnesotako fiskal nagusiak, bigarren graduko hilketan konplize izatea leporatuta.

Maiatzaren 25ean Floyd hil zenetik, arrazakeriaren eta polizia indarkeriaren aurkako protesta jendetsuak izan dira AEBn.

Testuinguru horretan, Amy Klobuchar Minnesotako senatari demokratak "Justizia lortzeko aurrerapauso handia" dela esan du erabaki horren berri izan ostean. Benjamin Crump Floyden familiaren abokatuak, berriz, gaztearen sendiaren erreakzioa zabaldu du sare sozialetan. "Une gazi-gozoa" den arren, "fiskal nagusiaren ekintza erabakigarriengatik erabat pozik" daudela adierazi dute.

Minnesotako legediaren arabera, ekintza bereziki arriskutsu baten ondorioz pertsona baten heriotza nahi gabe eraginez gero, hirugarren graduko hilketa egotzi dakioke, eta, gehienez, 25 urteko kartzela-zigorra ekar dezake horrek.

Bigarren graduko hilketa, berriz, norbaitek beste pertsona bati min egiten dionean edo min egin nahi dionean eta, ondorioz, hil egiten denean ezar daiteke. Kasu horretan, inputatuari 40 urteko kartzela-zigorra ezarri ahalko diote gehienez ere

Hedabideen aurrean hitz egitean, gertatutakoa "ahalik eta azkarren" ikertzen ari direla esan du fiskalak, baina onartu du epaiketak ezingo dituela eragindako "mina eta galera konpondu".

Floyden gorpuari egindako bi autopsiek (ofiziala eta familiarena) ondorio bera atera dute: haren heriotza "hilketa" izan zen.

Alabaina, ez datoz bat gaztearen heriotza eragin zuen arrazoiarekin. Familiak eskatutako autopsiaren arabera, itota hil zen; konderriko auzitegiko medikuaren arabera, berriz, bihotz-biriketako geldialdia izan zen heriotzaren arrazoia.

Floyden heriotzak arrazakeriaren eta polizia indarkeriaren aurkako manifestazio ugari ekarri ditu AEBn, eta 40 bat hirik etxeratze-agindua ezarri dute protestak eragin dituzten istiluak eta arpilatzeak geldiarazteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea New York Ameriketako Estatu Batuak Salaketak Arrazismoa Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Manifestazioak Giza eskubideak Polizia indarkeriaren kasuak