Gizartea -

URETAMENDI AUZOAN

Hainbat okupa kanporatu dituzte bizilagunek Bilboko Errekalde barrutian

Tentsio uneak bizi izan ziren atzo arratsaldean Uretamendi auzoan. Bizilagunen presioa zela eta, hainbat gaztek okupatuta zituzten etxeak utzi eta alde egin zuten, Ertzaintzak babestuta.

Bilboko Errekalde auzoan okupatutako etxebizitzaren irudietako bat. Argazkia: EiTB
Bilboko Errekalde auzoan okupatutako etxebizitzaren irudietako bat
Bilboko Errekalde auzoan okupatutako etxebizitzaren irudietako bat. Argazkia: EiTB

RADIO EUSKADI | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilbon, Errekalde barrutiko Uretamendi auzoko bizilagunek bi etxebizitza okupatuta zituzten gazte batzuei aurre egin eta bertatik bota zituzten atzo arratsaldean. Tentsio handiko egoera bizi izan zen, bai etxebizitzaren aurrean egin zuten kontzentrazioan baita Ertzaintzak gazteak babestuta atera zituenean ere.

Azken egunotan, antzeko egoera bizi izan da Portugaleteko Repelega auzoan ere. Han ere bi etxebizitza okupatuta zituzten gazte batzuk etxeak uztea lortu zuten euren presioa zela eta. Hain zuzen ere, badirudi handik alde egindako gazteetako batzuk Bilboko horietara joan zirela bertakoekin bizitzera.

Marokoar jatorriko hainbat gazte bizi ziren Errekalden hustutako bi etxeetan, eta horietako batzuk bi urte zeramatzaten han.

Gazteak kanporatu eta gero, elkarretaratzea egin zuten delituak eta indarkeria igo egin direla salatzeko, eta Portugaleteko Repelega auzoko bizilagunek bezala, etxe okupatuetako gazte horiei leporatzen diete horren ardura.

Portugaleteko Udalak, bere aldetik, adreiluz itxi ditu aste honetan hustutako bi etxeak.

Egunotako kontzentrazioen ostean, Ertzaintzak gogorarazi du ezin dela 20 pertsona baina gehiagoko bilerarik egin eta protestak ez badira jakinarazten bultzatzaileak identifikatu eta isuna jarriko dietela ohartarazi dute.

Portugaleteko protesten kasuan, Ertzaintzak atestatua ireki zuen desordena publikoengatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Portugalete Bizkaia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Etxebizitza albisteak Legez kanpoko okupazioak