Gizartea -

Koronabirusa

Jaurlaritzak baztertu egin du datorren ikasturterako Hezkuntza Ministerioaren plana

Cristina Uriartek esan du Hezkuntza Saila datorren ikasturterako proposamen propioa lantzen ari dela. Nafarroako Gobernuak aurrez aurreko irakaskuntzak bereganatu duen babesa aintzat hartu du.

Ikasgela bat hutsik. Artxiboko argazkia: EFE.
Ikasgela bat hutsik.
Ikasgela bat hutsik. Artxiboko argazkia: EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Isabel Celaa Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministroak iragarri duenez, erkidego guztiek, Madrilek eta Euskadik izan ezik, babestu dute datorren ikasturtean klasera itzultzeko jarraibideak aurkezten dituen dokumentua. Erkidegoetako gobernuek zuzenketa batzuk egin dizkiotela ere aipatu du.

Hala esan du Celaak datorren ikasturtea antolatzeari begira ostegun honetan autonomia erkidegoetako Hezkuntza arduradunekin bideokonferentzia bidez egin duen Konferentzia Sektorialaren osteko prentsaurrekoan.

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak bilera horretan argudiatu duenez, bere saila datorren ikasturtearen hasierarako ekintzak egiten ari da bere "eskumenen erabileran". Hori dela eta, uste du Konferentzia Sektorial horren xedea ez dela izan behar eskumena duten jarduera baten garapena adostea.

Bileran aztertu den dokumentuak 14 puntu ditu, eta bertan zehazten da zenbat eskola-egun bete beharko diren datorren ikasturtean (175). Irailean hasiko da, eta beste ikasturte batzuen antzeko denbora-jarraibideak jarraituko ditu. Hala, "zentroetara eta haietan gerta daitezkeen egoera zehatzetara egokituko da".

Uriartek azaldu duenez, dokumentu horietan jasotzen dira Euskadin dagoeneko "eskumenen erabileran" egiten ari diren jarduerak, eta, horregatik, ez dute uste neurri horien "garapena adostu" behar denik.

Gaineratu duenez, bere sailetik "denbora daramate hezkuntza-komunitatearekin datorren ikasturtearen hasiera planifikatzeko eta antolatzeko lanetan", eta laster ebazpenak ikastetxeei jakinaraztea espero du, bakoitzak datorren ikasturteko plangintzari ekin ahal izateko.

Nafarroako Gobernuak aurrez aurreko irakaskuntzak bereganatu duen babesa aintzat hartu du

Bere aldetik, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak "poza" agertu du Espainiako Hezkuntza Ministerioak eta autonomia-erkidegoek Konferentzia Sektorialean hitzartutako akordioengatik. Bertan, berretsi egin dute 2020-21 ikasturterako apustua aurrez aurreko irakaskuntza dela.

Gainera, abala eman diote adin txikienetako ikasleen geletako mugimenduari, legezkoa dela ziurtatuz, jakinarazi du Nafarroako Gobernuak.

Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak saioan parte hartu du, eta bi arlo nabarmendu ditu: alde batetik, erakunde-koordinazioko ahalegina, kontua izanik ostegun honetakoa laugarren Konferentzia Sektoriala izan dela, martxoaren 25etik; eta, beste alde batetik, asmo argia beti izan dela adostasuna ahalik eta handiena izatea.

"Hezkuntza-arloan ditugun eskumenak guztiz erabiliz", esan du Gimenok, "ezinbestekoa da adostasuna bilatzea, hain oinarrizkoa den hezkuntza-eskubidean". Ildo horretan, kontseilariak nabarmendu egin du autonomia-erkidegoen beharrezko lidergoa "indartu egin dela, lortutako adostasun handiagatik".

Gimenoren esanetan, "oso kontuan izatekoa da Espainiako Gobernuak ematea, halaber, autonomia-erkidegoei 2.000 milioi euroko finantziazio espezifikoa", akordio horiek ezarri ahal izateko.  

Nafarroak beti egin izan du, ikastetxeetarako iraileko itzulerari dagokionez, aurrez aurreko hezkuntzaren alde. Orain, apustu hori Konferentzia Sektorialak ere babestu du, Nafarroako Gobernuak gogora ekarri duenez.

"Akordio hauek", esan du Carlos Gimenok, "abal pedagogikoa dira, ziurtasunak ematen dituzte, hainbat egoerari aurrea hartzen diete, eta egoera horietarako erantzun zuzenak proposatzen dituzte, geletarako itzulera ordenatua izan dadin, bi arlotan: egutegietan, eta aurrez aurreko irakaskuntzan".

Kontseilariak gehitu duenez, honela, aukera izango dute ikasketa-diseinua ikasketa-garapenarekin sinkronizatzeko, eta ikasleen irakaskuntza-ikaskuntza prozesuetako eskumen guztiak berreskuratuko dituzte. Gainera, ikasleen ebaluazio-txostenetarako erantzunak gehiago doitu ahalko dituzte.

Hezkuntza Departamentuaren iritziz, Osasun eta Hezkuntza Ministerioak autonomia-erkidegoei helarazitako prebentzio- eta garbitasun-neurriak egokiak dira, 2020-21 ikasturteko hasierarako, kontuan izanik geletako mugimendua legezkoa dela ziurtatzen dutela.

Gimenoren esanetan, "neurri horiek hezkuntza-zalantza bat argitu digute, adin txikienetan; izan ere, urruntze- eta murriztapen-neurriek sortu dute zalantza, garbitasunari eta segurtasunari lotutako neurriek".

"Hezkuntza Departamentuak pozik hartu du argibide hori, adin txikienen mugikortasunari buruzko argibide hori"; maila horietan lantzeak duen balio pedagogikoa nabarmendu eta babestu egiten du osasun-zirriborroak.

Hezkuntzako Konferentzia Sektorialak onartutako markoarekin bat egin du Nafarroak; izan ere, eskumenak errespetatzen ditu, eta hainbat egoera aztertzeko aukera ematen du. Egoera horiek argibide epidemiologikoak eta osasun publikoko argibideak kontuan izanik ezarri ahalko dituzte.

Prestatzen ari diren Arrisku Planean ere dauden beste neurri batzuetan sakondu ahalko da. Horrela, pandemiarekin lotutako balizko gertakarien aurreko erantzunik onena ezarriko litzateke.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Nafarroan Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Osasun albisteak Umeak Koronabirusa