Gizartea -

Koronabirusa

Irailean ohiko ikasturte hasiera egitea espero du Hezkuntza Sailak

Ez da, hortaz, orain egiten ari den moduan, geletan bilduko diren ikasle kopurua murriztuko, eta garraio eta jangela zerbitzuak berreskuratuko dira.

Ikasleak unibertsitatean. Argazkia: EiTB
Ikasleak unibertsitatean. Argazkia: EiTB
Ikasleak unibertsitatean. Argazkia: EiTB

euskadi irratia

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irailean ohiko ikasturte hasiera izango da Euskal Autonomia Erkidegoan, edo hori da behintzat Hezkuntza Sailak esku artean duen hipotesi nagusia, Euskadi Irratiari jakinarazi dionez.

Aurrezko aurreko eskolen itzulera orokortua aurreikusten du, beraz, Cristina Uriarte buru duen sailak, ikasle guztiekin eta maila guztietan. Horrekin batera, orain bertan behera gelditu diren hainbat zerbitzu bueltatzea ere aurreikusten dute, tartean jangela-zerbitzuarena.

Atzo hezkuntza eragileei aurkeztu zien plana Eusko Jaurlaritzak, eta horien ekarpenen zain dago orain Hezkuntza Saila, baina dagoeneko identifikatuta omen ditu agertoki nagusiak. Lehena eta garrantzitsuena, datorren ikasturtearen hasiera: gaur egungo osasun datuetan oinarrituta diseinatu dute, eta irailaren 7an kokatzen dute. Ohiko ikasturtea izango da, ikasle guztiekin eta maila guztietan.

Ez da, hortaz, gaur egun bezala, geletan bilduko diren ikasleen kopurua murriztuko. Orain bertan behera utzi dituzten garraio eta jangela zerbitzuak berreskuratzea da beste asmoetako bat. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleek ordutegi jarraitua izatea jasotzen du Hezkuntza Sailaren agiriak; horrela, ikasle horiek etxean bazkaltzeko aukera izango lukete, eta gutxitu egingo litzateke jangela zerbitzua erabiliko dutenen kopurua.

Ondorioz, pandemiaren aurreko egoerara itzuliko dira irailean, Hezkuntza Sailetik Euskadi Irratiari baieztatu diotenez. Dena den, ez dute baztertu musukoak edo hidrogela erabili behar izatea ikasgeletan, baina osasun agintarien esanetara egongo direla nabarmendu dute.

Horren harira, zentroei ohartarazi diete 'B plana' prest izan behar dutela, pandemiak berriz ere gogor joko balu bideratzeko, hau da, aurrez aurreko eskolak ematetik online bidezkoak ematera berehala aldatzeko modua izan behar dutela.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Euskal Eskola Publikoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza sistemako albisteak