Gizartea -

KORONABIRUSA

Aisialdiko begiraleek COVID-19aren inguruko formazio berezia jaso beharko dute

Eusko Jaurlaritzako Gaztedia Zuzendaritzak online formazioa antolatu du ekainaren 25rako, 1.000 pertsonako mugarekin, haur eta gaztetxoekin arituko diren elkarte eta pertsonak prestatzeko.

Bi begirale ume talde batekin EiTBko artxiboko irudi batean.
Bi begirale ume talde batekin EiTBko artxiboko irudi batean.
Bi begirale ume talde batekin EiTBko artxiboko irudi batean.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteazken honetan, ekainak 17, onartuko da 2020an egin ahal izango diren haurren eta gazteen aisialdiko jarduerei berrekitea arautuko duen Eusko Jaurlaritzaren dekretua. Osasun agintarien prebentzio eta higiene gomendioak bete beharko dira eta ager daitezkeen COVID-19 kasuak kudeatzeko prozedura bermatu beharko dute elkarte eta erakunde antolatzaileek.

"COVID-19aren inguruko prestakuntza espezifikoa eta eguneratua jasoko dute begiraleek, baita ezartzen diren neurri eta protokolo espezifikoen ingurukoa ere" zehazten du agindu horrek.

Ikastaro hori denbora libreko eskoletan bertan, udalen bidez... eta hamaika bidetatik jaso ahal izango da, baina udara begira egon daitekeen eskari handia eta urgentea ikusita,  Eusko Jaurlaritzako Gaztedia Zuzendaritzak online formazioa antolatu du begiraleentzat zein aisialdiko jardueren antolatzaileentzat.

Izen ematea begiraleei, ekintza horiek antolatzen dituzten administrazioetako teknikariei eta langile zein boluntario gisa jarduera hauetan parte hartzen dutenei zuzenduta egongo da lehen fasean, baita EAEn haur eta gaztetxoen aisialdi ekintzak antolatzen dituzten elkarteetako kideei ere.

Bigarren fase batean, izen ematea interesatu orori ireki ahal izango zaio.

Ekainaren 25ean, arratsaldez, emango da formazio hori, Euskadiko Gaztediaren Behatokiaren eskutik. Online izango da ikastaroa eta 1.000 lagunek jarraitzeko lizentzia duen aplikazio bat erabiliko da horretarako. Ikastaroaren ondoren, formazioa jaso izanaren ziurtagiria emango zaie partehartzaileei.

25eko ikastaroaz gain, hurrengo egunetan sor daitezkeen zalantzak eta galderak argitzeko zerbitzua ere jarriko da partehartzaileen eskura.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Aisia Umeak Uda Koronabirusa Udalekuak