Gizartea -
Udal igerilekuak
Mendizorrotza eta Gamarrako igerilekuak ireki dituzte gaur
Udalaren webgunearen bitartez edo 010 telefonoaren bidez aldez aurreko hitzordua eskatu behar da sartzeko, eta lehenengo fasean Udalaren kirol-instalazioetako abonatuak baino ez dira onartuko.
eitb.eus
Gaur, uztailaren 1ean, hasi da udako kanpaina Mendizorrotza eta Gamarrako kirol esparruetan. COVID-19aren osasun-krisiaren ondorioz diseinatutako sarbide-sistemaren bidez, hasiera batean 1.500 lagunentzako gehienezko edukiera bermatu da igerileku bakoitzean, eta, baldintzek ahalbidetzen badute, Mendizorrotzan 3.000 pertsona eta Gamarran 3.400 sartzera sartuko dira.
Fase pilotua uztailaren 12ra arte
Uztailaren 1etik 12ra bitartean, fase pilotua da, kanpainaren bilakaera eta prebentzio-neurriek egoki funtzionatzen duten gainbegiratzeko. Lehenengo hamabi egunetan, Udalaren kirol instalazioetako abonatuak bakarrik sartu ahalko dira Mendizorrotzan eta Gamarran. Fase hori amaitutakoan, eta, okupazio-mailak ahalbidetzen badu, Gamarrarako eguneko sarrerak saltzeko aukera aztertuko da; Mendizorrotzan, berriz, abonatuak soilik sartuko dira.
Hasiera batean, kirol esparru bakoitzaren edukiera 1.500 pertsonakoa izango da. Ahalik eta babes kolektibo handiena lortu nahian ezarri da muga hori, saturatzeko aukera saihesteko. Muga egunero berrikusiko da fase pilotuan, eta, segurtasun-baldintzek ahalbidetuz gero, handitu egingo da, pixkanaka, Mendizorrotzan 3.000 pertsona eta Gamarran 3.400 baimendu arte.
Edukiera horiek zenbatzeko, esparru bakoitzaren edukieraren % 60 inoiz ez gainditzea izango da oinarria, bai igerileku-putzuetan, bai aisialdirako guneetan. Horretarako, kirol esparru bakoitzaren azalera kontuan hartuko da, eta, Mendizorrotzaren kasuan, autobabes plan bat jarriko da martxan.
Udako kanpaina irailaren 6an amaituko da Gamarran, eta irailaren 20an Mendizorrotzan, baina bi data horiek alda litezke, egoerak behartuz gero.
Hitzordua eskatuta, goizeko eta arratsaldeko txandak antolatuko dira
Instalazioak erabiltzeko aukera ahalik eta handiena izan dadin, eguneko bi txanda ezarri dira:
· goizez, 08:00etatik 14:30era· arratsaldez, 15:30etik 22:00etara
Bi txanden artean, beharrezko garbiketa-lanak egingo dituzte. Ordu-tarte horien bidez, halaber, sartzeko eta irteteko guneetan pilaketak sortzea saihestu nahi dute. Tornuak egokitu dira, erabiltzaileak egunean bi txanda horietako bakarrean sartu ahal izateko.
Kirolguneetara sartzeko, abonatuek aldez aurreko hitzordua eskatu behar dute (eguna eta txanda erreserbatu beharko dituzte) Udal webgunearen bidez. Horretarako sarbide espezifiko bat eskuratu behar dute portadan bertan. Osagarri gisa, hitzordua 010 telefonoaren bidez ere eska daiteke.
Aldez aurreko hitzordu hori banakakoa da, eta ezin da taldeko inskripziorik egin. Bertan zehaztu behar da zein instalaziotara joan nahi den (Gamarra edo Mendizorrotza).
Sarrera erreserbatzeko orduan, astea bi alditan banatuko da:
· ASTEGUNAK: astelehenetik ostegunera.· ASTEBURUA: ostiraletik igandera.
Astegunetarako lekua aurreko ostiraletik erreserbatu ahalko da. Asteburuaren kasuan, erreserba egiteko aukera aurreko asteartetik aktibatuko da.
Sistema horren bidez, erabiltzaile bakoitzak eguneko txanda bakarra erabiliko du bi instalazioen artean. Txanda horiek aukeratzeko orduan, gehienez hiru goiz aukeratu ahalko dira, eta gehienez ere bi arratsalde. Orobat, erreserba-sistema hori erabili beharko da Gamarrarako eguneko sarrerak erosteko aukera aktibatzen bada.
Adingabeen kasuan, bi urtera arte ez da beharrezkoa izango aldez aurretik hitzordua hartzea, ezta instalazioetarako abonamendua izatea ere. 2 eta 5 urte bitarteko haurrak dituzten familiek abonamendua atera beharko diete, orain arte beharrezkoa ez bazen ere. Abonamendua nahitaezkoa da, edukiera benetan kontrolatzeko erabiliko da, baina doakoa izango da, eta arretarako bulegoetako batean izapidetu ahalko da.
Instalazioetako sarrera-irteeretan maskara erabili behar da, eta eraikinen barruan eta komunetan ere bai. Sarbideetan markak izango dira lurzoruan, segurtasun-distantzia gorde ahal izateko. Igerileku-putzuetara sartzeko, puntu bakarra dago, eta distantziak markatuko dira beteta daudenean itxaroteko.
Espazio eta zerbitzuen erabilera
Igerileku-putzuetan, sartu eta irteteko bideak antolatzeaz gain, bainatzeko denbora mugatuko dute, ezarritako edukiera-mugara iristen bada. Bainatzeko muga hori 15 minutukoa da, gutxi gorabehera.
Ezin dira erabili ez kanpoko igerilekuetako txirristak, ez dutxa-perretxikoak ezta hidromasaje-eremua ere. Horrela, puntu zehatz horietan gerta litezkeen pilaketak saihestu nahi dira. Beti bezala, ez da baimentzen uretako jostailurik erabiltzea.
Gainerako instalazioei dagokienez, ezin dira aldagelak erabili, behar bereziak dituzten pertsonen kasuan izan ezik. Komunak eta kanpoko dutxak irekita daude, eta barruko dutxak, berriz, ez. Armairutxoak ere ezin dira erabili. Gamarran, bestalde, ezin dira barbakoak eta erretegiak erabili, baina bai mahaiak eta eserlekuak.
Murrizketek haurren jolastokiei ere eragin diete, ezin baitira erabili, hareatzak izan ezik. Kirola egiteko pistak ere ezin dira erabili, tenis eta padel pistak izan ezik; horiek zuzeneko erreserba eginda erabili ahalko dituzte kirol esparruetara sartzeko hitzordua hartuta duten pertsonek.
Prebentzio arrazoiak direla eta, ez dago hamaka zerbitzurik, baina, salbuespen gisa, aurten aulkiak edo hamakak sartzeko aukera dago Mendizorrotzan. Elementu horiek solariumean bakarrik erabili ahalko dira, horretarako egokitutako eremu bakarrean. Aukera hori udako kanpaina honetarako aurreikusitako ezohiko neurria da, batez ere adinekoen beharretan pentsatuta.
Lekuaren banaketa berdeguneetan
Aisialdirako guneen erabilera autobabeserako eta distantzia fisikoa mantentzeko neurriekin bateragarria izan dadin, lekuak markatu dira lurzoruan, espazioa banatzeko, batez ere igerileku-putzuetatik hurbilen dauden eremuetan, horietan pilatzen baita jende gehien. Espazio horiek hainbat tamainatako zirkuluen bidez (bi eta lau metro artekoak) mugatu dira.
Igerileku estalien erabilera
Kirolguneekin batera, gaurtik aurrera, uztailaren 1ean, hiru igerileku estali ireki dira: Ibaiondo, Aldabe eta Hegoalde gizarte-etxeetakoak. Igerileku horietara sartzeko, Mendizorrotzean eta Gamarran erabiltzen ari diren sistema bera erabiltzen ari dira edukiera kontrolatzeko, hau da, aldez aurreko hitzordua hartu beharko da.
Kuoten itzulera
Kirol-instalazioak berriz irekitzeko data ezagututa eta baliatu ezin diren zerbitzuen zenbatespena eginda, Gasteizko Udalak kalkulatu du kirol-instalazioetara sartzeko urteko kuotaren % 30 itzuliko duela. Laster iragarriko dute itzulketa hori nola egingo duten.