Gizartea -

ERREFUXIATUEN MUNDUKO EGUNA

Larriagotu egin da errefuxiatuen egoera COVID-19aren pandemian

COVID-19aren ondorioz, mugak itxi eta asilo tramiteak gelditu egin dira konfinamenduak iraun duen bitartean.

Errefuxiatuak. Irudia: EFE
Errefuxiatuak
Munduko biztanleriaren % 1ak etxetik alde egin behar izan du, egoerak behartuta

1:43

IKER GARATE | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joan den martxoan Txinako Wuhan hirian abiatu zen koronabirusaren pandemiak munduko bazter guztietan izan du eragina. Gaitzaren ondorioz, kutsatutakoak eta hildakoak milaka kontatzen dira alarma-egoera ezarri behar izan duten hainbat herrialdetan, herritarrak etxean konfinatuta uzteko erabakia hartzeraino. Egoera hori are gogorragoa izan da pandemiaren aurretik jada zaurgarritasun egoeran bizi zirenentzat, eta horien artean daude errefuxiatuak.

Etxetik alde egin behar izateaz gain, gaixotasunaren aurka borrokatu behar izan dute, birus horretatik babesteko ia bitartekorik izan gabe, baina baita ezarritako konfinamendu eta urruntze sozialerako gomendioak modu seguruan betetzeko bermerik gabe ere.

CEAR-Euskadi erakundeko Patricia Barcena zuzendariak adierazi duenez, konfinamenduan zehar administrazioaren jarduera ia erabat gelditu da. Horrek pertsona askok erakundeak kudeatzen dituen harrera-plazetan egonaldia luzatzea ahalbidetu zuen, baina asilo-espedienteen jakinarazpenak suspertzen hasi diren unean, "kaltetutako pertsonek 15 egun dituzte harrera-dispositiboetatik eta asilo-programatik ateratzeko; beraz, gauetik goizera egoera oso ahulean geratzen dira".

Ana Elena Altuna Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideak kontu bera azpimarratu du. eitb.eus-i adierazi dionez, egoerak mesede egin die errefuxiatu batzuei; izan ere, "dagoeneko baimena zutenei asilo epea luzatu zaie". "Beste batzuentzat, aldiz, alarma-egoera aplikatzea kaltegarria izan da, eta etxebizitzarik gabe utzi ditu", esan du, kontuan hartuta, salbuespenak salbuespen, ez dutela prestazio sozial publikorik jasotzeko eskubiderik, ezta bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzeko ere, eta horrek zaildu egiten du ordezko irteera sozial edo lan-irteera bat prestatzeko aukera.

Horrez gain, gobernuek kutsatzea geldiarazteko hartu zituzten neurriek, hala nola isolamendu sozialak edo mugikortasun murrizketak, erronka handia dakarkie. "Errefuxiatuak etapa ezberdinetatik pasatzen dira, eta horietako lehena harrera etxeak bilatzea da", azaldu du Patricia Barcenak. Alarma-egoeran, CEAR-Euskadik horiei laguntzen jarraitu du, "telelanaren bidez eta aurrez aurre", batez ere oinarrizko baliabideekin; elikadurarekin, esaterako. Lagundutako errefuxiatuen artean, 25 Tolosako zentroan daude eta 90 Oñatikoan.

Zentroetako bateko errefuxiatuak

Zentroetako bateko errefuxiatuak. Argazkia: CEAR-Euskadi

eitb.eus-i kontatu dionez, zorionez, "ez da COVID-19 kasu positiborik izan haien artean", baina, segurtasun-arrazoiak direla-eta, isolatuta egon dira.

Hala ere, "errefuxiatu askok zailtasunak dituzte pandemiari aurre egiteko hartutako neurriak ulertzeko (hizkuntzagatik, besteak beste)", adierazi du Ana Elena Altunak.

Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteko kidearen ustez, erakundeek "ahalegin handiagoa" egin beharko lukete denei egoerara egokitzeko aukera emateko. Orain, ekainaren 21ean alarma-egoera amaitzearekin batera, "ikusiko da nola eboluzionatzen duen", gaineratu du Altunak.

CEAR-Euskadiko zuzendariak esan duenez, horietako asko ezin dira euren herrialdeetara itzuli, alarma-egoerak jardunean jarraitzen duelako kasu batzuetan, eta indarkeria jasoko luketelako beste batzuetan. Horregatik, bizitzeko baimena emateko eskatu die erakundeei, "arrazoi humanitarioengatik bada ere".

Larunbat honetan, ekainak 20, Errefuxiatuen Munduko Eguna ospatuko da. Horren harira, manifestazioak antolatu dituzte Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean.

EAEko datuak

Barne Ministerioaren arabera, 4.826 pertsonak eskatu zuten asiloa iaz EAEn: 3.395ek Bizkaian, 891k Araban eta 540k Gipuzkoan. 2018ko eskaera kopurua hirukoiztu egin da beraz, 1.595 eskaera erregistratu baitziren orduan Euskal Autonomia Erkidegoan.

2019an aurkeztutako asilo-eskaera guztietatik, CEAR-Euskadik ia erdiei lagundu zien (2.328), eta Venezuela, Nikaragua, Kolonbia eta Honduras herrialdeetatik etorritako herritarrek aurkeztu zituzten gehien, hurrenkera horretan.

Joera horri eutsi zaio 2020an. COVID-19aren ondorioz mugak itxi eta konfinamenduak iraun duen bitartean asilo-izapideak gelditu arren, urteko lehen 5 hilabeteetan 1.124 asilo-eskaera erregistratu dira Euskal Autonomia Erkidegoan: 688 Bizkaian, 298 Araban eta 138 Gipuzkoan.

Eskatzaileei dagokienez, gehienak Latinoamerikatik etorritakoak eta gazteak (18 eta 35 urte bitartekoak) izan dira. Ez dago sexuen arabera bereizitako daturik, baina, oro har, asiloa eskatzen duten emakumeak gizonak baino apur bat gutxiago dira.

Lan-egoera zaila

Alarma-egoera hasi zenean lanean ari ziren asilo-eskatzaile askok lana galdu dute, batez ere zerbitzuen eta zainketen arloan. Etxeko langileen egoera bereziki zaurgarria da. Lan-sektore babesgabeenetako bat da, eta langile atzerritarren proportzio handiena du. Horietako asko egoera irregularrean daude, eta horrek koronabirusarekiko esposizio handiagoa dutela eta prebentzio-neurri gutxiago dituztela esan nahi du.

Alarma-egoerak iraun duen bitartean, asilo-eskatzaileen lan-baimenak berritzen dituzten polizia-bulegoak itxita egon dira.

Espainiako Gobernuak alarma-egoera indarrean dagoen bitartean baimen guztiek indarrean jarraitzen dutela esan arren, enpresa batzuen ustez arriskutsua da lan-baimena berritu gabe duen norbait kontratatzea eta Gizarte Segurantzan alta ematea, Patricia Barcenaren hitzetan. "Administrazioak dokumentuak balioztatzen ditu, baina faltsutzen errazak dira, eta horrek mesfidantza sortzen du enpresaburuen artean", azaldu du. Gaur egun ez dute baliabiderik atzeraldi honetan bizirauteko.

CEAR-Euskadik artatzen dituen pertsonetako asko jasotzen ari ziren laguntzak ere eten dira, batez ere prestakuntza alorrekoak, ez baitute online jasotzeko aukerarik; prestakuntza hori, ondorioz, gelditu egiten da, eta horrek zaildu egiten du proiektu profesionalak abiatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gaiak sakonean Albisteak Osasun albisteak Errefuxiatuak Gobernuz Kanpoko Erakundeak Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea