Gizartea -

ERREFUXIATUAK

Mila pertsona baino gehiago atera dira kalera Hego Euskal Herrian, errefuxiatuen alde

Errefuxiatuak beren bizia arriskuan jarri gabe Euskal Herrira iritsi ahal izatea aldarrikatu dute.

CEAR-Euskadik deituta, Gasteizen egin den bilkura. Argazkia: CEAR-Euskadi.
CEAR-Euskadik deituta, Gasteizen egin den bilkura. Argazkia: CEAR-Euskadi.
CEAR-Euskadik deituta, Gasteizen egin den bilkura. Argazkia: CEAR-Euskadi.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mila pertsona baino gehiagok hartu dute parte Hego Euskal Herriko hiriburuetan pertsona errefuxiatuen alde egin diren mobilizazioetan.  Errefuxiatuen laguntzarako CEAR-Euskadi erakundeak deituta,  giza-kateak eta elkarretaratzeak egin dira, "Izan gaitezen babesleku: harrera, erregularizazioa, eskubideak eta bizikidetza" lelopean.

Ekitaldiotan irakurritako manifestuan esan dutenez, "kalera irten behar dugu gogora ekartzeko egun bizi dugun egoera konplexua ez dela birus baten ondorio". Garapen neoliberala, koloniala eta heteropatriarkala nagusi dituen eredu hegemoniko baten ondorioak bizitzen ari gara, eredu horrek utzi baititu milioika pertsona bizitza posible egiten duen ondasunik gabe eta eragin baitu natura kolapsatuta egotea, ingurumenari eta zibilizazioari dagokionez", esan dute.

CEAR erakundearen arabera, iaz 100.000 errefuxiatu iritsi ziren Espainiar Estatura, asilo bila,eta horietatik 5.000 inguru EAEra.  "Baina askoz gehiago dira bidean geratu direnak, mugen militarizazioaren eta esternalizazioaren ondorioz, zenbait herrialderen laguntzarekin gauzatzen dena, hala nola Libia, Maroko eta Turkia", gehitu dute.

Errefuxiatuak beren bizia arriskuan jarri gabe Euskal Herrira iritsi ahal izatea aldarrikatu dute, eta bide horretan,  besteak beste, "premiazkoa" jo dute Aita Mari ontziari eta Alan Kurdi ontziari ezarri zaien "blokeoa bertan behera uztea, itsasoan erreskate-lanak egiten jarraitzea, Europa-mailan lehorreratze seguruko protokolo bat onartu dadin sustatzea, eta Libiara eta gatazkan dauden beste herrialde batzuetara ez itzularaztea".

"Ez dugu gizarte-desberdintasuna are handiagoa eragingo duen normaltasun berria nahi, ez kolonizazio-modu berriak, ez bizitza posible egiten duten ondasunak pribatizatzea, ez beren lurraldeak defendatzen dituzten pertsonen jazarpena, ez aktibistak kriminalizatzea, ez eta gure artean bizi diren errefuxiatuak seinalatzea ere", zehaztu dute. 

COVID-19aren ondorioak

Joan den martxoan Txinako Wuhan hirian abiatu zen koronabirusaren pandemiak munduko bazter guztietan izan du eragina. Gaitzaren ondorioz, kutsatutakoak eta hildakoak milaka kontatzen dira alarma-egoera ezarri behar izan duten hainbat herrialdetan, herritarrak etxean konfinatuta uzteko erabakia hartzeraino. Egoera hori are gogorragoa izan da pandemiaren aurretik jada zaurgarritasun egoeran bizi zirenentzat, eta horien artean daude errefuxiatuak.

Etxetik alde egin behar izateaz gain, gaixotasunaren aurka borrokatu behar izan dute, birus horretatik babesteko ia bitartekorik izan gabe, baina baita ezarritako konfinamendu eta urruntze sozialerako gomendioak modu seguruan betetzeko bermerik gabe ere.

CEAR-Euskadi erakundeko Patricia Barcena zuzendariak adierazi duenez, konfinamenduan zehar administrazioaren jarduera ia erabat gelditu da. Horrek pertsona askok erakundeak kudeatzen dituen harrera-plazetan egonaldia luzatzea ahalbidetu zuen, baina asilo-espedienteen jakinarazpenak suspertzen hasi diren unean, "kaltetutako pertsonek 15 egun dituzte harrera-dispositiboetatik eta asilo-programatik ateratzeko; beraz, gauetik goizera egoera oso ahulean geratzen dira".

Ana Elena Altuna Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideak kontu bera azpimarratu du. eitb.eus-i adierazi dionez, egoerak mesede egin die errefuxiatu batzuei; izan ere, "dagoeneko baimena zutenei asilo epea luzatu zaie". "Beste batzuentzat, aldiz, alarma-egoera aplikatzea kaltegarria izan da, eta etxebizitzarik gabe utzi ditu", esan du, kontuan hartuta, salbuespenak salbuespen, ez dutela prestazio sozial publikorik jasotzeko eskubiderik, ezta bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzeko ere, eta horrek zaildu egiten du ordezko irteera sozial edo lan-irteera bat prestatzeko aukera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Siriar errefuxiatuak Europan Errefuxiatuak