Gizartea -

Koronabirusa

Hego Euskal Herriko haur-eskola publikoak, gaurtik aurrera irekita

% 60ko edukierarekin zabaldu daitezke, baina % 15 inguru izango dira benetan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, gaurtik Haur Eskolara itzuliko diren zero eta hiru urte arteko umeak.

Haur-eskola. Argazkia: EiTB
Haur-eskola. Argazkia: EiTB
Haurreskola publikoak neurri zorrotzekin irekiko dituzte bihartik aurrera

euskadi irratia | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hego Euskal Herriko haur-eskola publikoek gaur zabalduko dituzte ateak, hiru hilabete baino gehiagoko etenaldiaren ondoren. Hala ere, edukiera asko mugatuta eta lantokira joan beharra duten gurasoen seme-alabak baino ez dituzte hartuko.

Berez, % 60ko edukierarekin zabal daitezke, baina % 15 inguru izango dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gaurtik haur-eskolara itzuliko diren 0-3 urteko umeak. Izan ere, telelanerako aukerarik ez duten gurasoek edo ziurtagiri bidez kontziliazio arazoak dituztela frogatu dituztenek baino ezingo dituzte haurrak zentrora eraman.

Segurtasuna zaintzeko protokolo zorrotzak jarriko dituzte, eta hezitzaileek eta haurren senideek astean bitan jakinarazi beharko dute ez dutela koronabirusaren zantzurik. Eskolara modu mailakatuan iristea, haurrei tenperatura hartzea eta etxetik jostailu propiorik ez eramatea dira zentro batzuetan hartu dituzten neurrietako batzuk.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak martxan jarri duen kontingentzia-plana uztaila bukaera artekoa da, eta, hori dela eta, sindikatuak kexu dira, irailerako zer asmo dagoen ez dakitelako.

Nafarroan ere, gaurtik daude zabalik haur-eskolak. Kasu horretan, asko jota 8 haur egongo dira urtebete baino gutxiagoko geletan; 12 haur, urte bat eta bi artekoetan; eta 16 haur, bi eta hiru urte artekoetan. Metro eta erdiko tarteak bermatzeko ahalegina egin beharko dute hezitzaileek, eta pandemian orokortu diren higiene neurriak hartu.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntzako albisteak 2024 Umeak albisteak COVID kasuak Deseskalatzea gaur Gurasoak albisteak Telelana albisteak