Gizartea -
Koronabirusa
Selektibitate azterketak hasi dira Nafarroan, osasun baldintza zorrotzekin
Ia 4.000 ikaslek egingo diote aurre 4 eguneko probari, Gaztelania eta Literaturako azterketarekin hasita.
eitb.eus
Nafarroako ia 4.000 ikasle hasi dira gaur Unibertsitatean Sartzeko Ebaluazio azterketak egiten. Koronabirusaren krisiaren eraginez, baldintza bereziak ezarri dituzte: lau eguneko proba izango da, ohikoa baino bat gehiago, eta egoitza gehiago egokitu dituzte, osasun baldintza guztiak zorrotz betetze aldera.
Horrela, 3.815 ikaslek (iaz baino % 16 gehiago) eman dute izena azterketa egiteko, eta mila inguruk eginen dute euskaraz. Tutera eta Iruñeko campusak ez ezik, Nafarroako Unibertsitateko pabiloia, liburutegia, Sarioko eraikina, eta Zizur, Basoko, Iturrama eta Gurutze plazako institutuak erabiliko dituzte (hamar zentro, guztira).
Ana Zabalza Nafarroako Unibertsitateko sarrera proben koordinatzaileak azaldu duenez, ikasleek dagokien tokian eseritakoan kendu ahal izanen dute musukoa.
Azterketa bera ere berregituratu egin dute, egoera berezi honetan ikasleek aukera gehiago izan ditzaten.
Goizeko hamarretan hasiko da unibertsitate atariko proba, eta lehen azterketa Gaztelania eta Literatura izango da. Ezohiko deialdia uztailaren 21, 22 eta 23an izanen da.