Gizartea -

Harrotasun eguna

Giza kate, dantza eta manifestazioek sexu askatasuna aldarrikatu dute Euskal Herrian

Gehitu taldeak manifestua egin du publiko, Euskal Autonomia Erkidegoan "lege zehatz bat" eskatzeko, LGTBIQ+ "mugimenduaren eskubideak bermatzeko eta diskriminazio ororekin amaitzeko".

Harrotasun Eguna Bilbon. Argazkia: EFE
Harrotasun Eguna Bilbon. Argazkia: EFE
''Saretuz borrokak dirau'' lelopean atera da LGTBIQ+ kolektiboa kalera

1:38

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ekainak 28, duela 51 urte esan zuten "kitto" New Yorkeko Stonewall pubean elkartzen ziren gay, lesbiana eta trabestiek. Poliziak ohikoak zituen sarekaden aurka hasi zen protesta hori LGTBIQ+ komunitatearen Harrotasun Eguna da egun mundu osoan.

Ortzadar banderak erakundeen atarietan, hainbat kaleetan eta ekitaldiak han eta hemen Euskal Herrian. Gehitu taldeak manifestua egin du publiko, Euskal Autonomia Erkidegoan "lege zehatz bat" eskatzeko LGTBIQ+ "mugimenduaren eskubideak bermatzeko eta diskriminazio ororekin amaitzeko". Nafarroan antzeko lege bat badela gogorarazi dute.

"Maite ditugunengatik, LGTBI eta gehiagoren lege bat orain!" leloa aukertau du Gehitu taldeak. Beharrezkotzat jotzen dute, "Nafarroan bezalaxe Euskal Autonomia Erkidegoan ere berdintasun sozialerako lege bat" izatea. Hauteskundeak bertan direla aprobetxatuz, lege hori indarrean sartzeko eskatu diete agintariei.

Aldarrikapenentzako eguna bakarrik ez, gaurkoa orain arte lortutako aurrerapausoak ospatzeko eguna ere badela aitortu dute. Herritar guztiei gaurko ekitaldietan parte hartzeko dei egiten diete eta ostadar bandera oraindik jarri ez dutenei, zintzilikatzeko eskatu diete.

Gehitu: "Nafarroan bezalaxe, EAEn ere berdintasun sozialerako lege bat"

Bilbon HARRO mugimenduak deituta giza katea egin dute ostadar kolorea irudikatuz. Pandemiak "askatasun falta zer den" erakutsi digula eta, "orain guztiok baloratzen dugu askatasuna" lelopean egin dute giza katea.

Ehun pertsona baino gehiagok zumba eta beste musika batzuk ordubetez dantzatu dituzte Bilboko Kale Nagusian sexu askatasuna aldarrikatzeko, LGTBIQ+ harrotasun egunean.

LGTBI+ banderari forma eman diote kamisetekin, giza mosaikoa osatuz, Aldundiko eraikin aurrean.

Ondoren jai giroan, zutabeetan dantza egin dute, segurtasun distantzia gordez.

Manifestariak Bilboko Moyua plazan. Argazkia: EFE

Manifestariak Bilboko Moyua plazan. Argazkia: EFE

Arratsaldean, ehunka pertsonak manifestazioa egin dute Bilbon LGTBI kolektiboaren eskubideen alde, jai giroan eta aldarrikapenen eta ostadar banderen artean.

Bizkaiko Koordinadora 28J taldeak deituta, Areatzarantz abiatu dira 19:00ak aldera Moyua plazan hitzordua egin ondoren, gehienak maskarak jantzita, baina askotan segurtasun distantziarik gorde gabe.

"Saretuz borrokak dirau. Perseguides, clandestines, unides", lelopean manifestazioa egin dute.

Besteak beste, Miren Gorrotxategi eta Maddalen Iriarte Elkarrekin Podemos-IUko eta EH Bilduko lehendakarigaiek, hurrenez hurren, eta Loli Garcia Euskadiko CCOOren idazkari nagusiak mobilizazioan parte hartu dute.

Joseba Gabilondo Bizkaiko Koordinadora 28J taldeko ordezkariak azaldu duenez, "sexu disidenteak" beste urte batez elkartu dira, egindako "borroka guztia" eta "aurretik dutena" gogorarazteko, "LGTBfobiari aurre" egiteko.

Gabilondoren hitzetan, "borroka" zain dute, "zolienetik hasita, komunikabideek gu isilaraztea" edo "kanpainako egun hauetan alderdi politikoek gu erabiltzea, ortzadar bandera guztiek aterako dutelako", baina baita "bortxaketa zuzenena" ere.

Aste honetan eta gauean, Bilboko udaletxearen fatxada ostadar banderaren koloreekin jantzi dute.

Era berean, Gasteizen, erakunde nagusietako egoitzak jantzi dituzte Harrotasun Egunean. Eusko Legebiltzarrak bere fatxada argiztatuko du gauean.

Foru Aldundiak ere fatxada nagusia argiztatu du ortzadarraren koloreekin asteburu osoan zehar. Probintzia plazan, ostadar bandera hagan izan dute. Gasteizko Udalak udaletxea eta Arkupea argiztatu ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Iparraldea Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Homofobia Albisteak LGTBI