Gizartea -

KORONABIRUSA

Nafarroako adinekoen egoitzetan ez dago inor koronabirusarekin gaixorik

Azken datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan pertsona bat hil da eta beste lau kutsatu dira COVID-19arekin.

Donostia. Argazkia: EFE
Donostia
Donostia. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, pertsona bat hil da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) azken 24 orduetan; beraz, 1.612 hildako zenbatu dituzte jada. Horrez gain, lau kasu berri baieztatu dira PCR proben bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astelehen honetan emandako datuen arabera (igandeko 24:00ak arte bildutakoak).

Bestalde, EAEn kutsatzeen indizea batetik beherakoa da (0,74). Zehazki, kutsatu bakar batek batez beste zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du horrek. Atzo, 0,73koa zen indize hori, eta joan den astean, berriz, 0,99koa.

Horrela, datuek aldaketa nabarmenik gabe jarraitzen dute atzo zabaldutakoekin alderatuta, eta koronabirusak eragindako pandemiaren bilakaera beheranzko joera izaten ari dela erakusten dute. Osasun Sailak jakitera eman duenez, gaitza atzemateko 1711 detekzio-proba egin zituzten atzo: 1637 PCR eta 74 test serologiko.

Azken orduetan, lau kasu atzeman dituzte EAEn PCR proben bidez (13.732 guztira) eta bat bakarrik test serologikoen bidez (7199), Eusko Jaurlaritzaren arabera; beraz, 20.931 kasu baieztatu dira orain arte.

Datuak lurraldez lurralde ikusita, azken orduotan hiru kasu baieztatu dituzte Gipuzkoan, pandemia hasi zenetik kasu gutxien atzeman dituen lurraldean (2312); Araban, kasu bat baieztatu dute azken orduetan (3347 guztira); eta Bizkaian gaitza atzemateko egindako detekzio-probetan ez dute positibo berririk atzeman. Hain zuzen ere, azken lurralde horretan detektatu dituzte orain arte positibo gehien PCR proben bidez (7908 guztira).

Hala, Gipuzkoan baieztatutako kasuei dagokienez, Donostian (hiru) bizi dira azken 24 orduetan PCR bidez egindako probetan positibo eman duten pertsonak. Araban baieztatutako kasuari dagokienez, Gasteizen (bat) atzeman dute positibo berria. Bizkaian, berriz, ez dute kasu berririk baieztatu.

Horrez gain, 165 kasu positibo atzeman dituzte orain arte EAEn Euskaditik kanpo bizi diren herritarrei egindako probetan, baina horietako bat ere ez azken egunetan.

Osasun arloko krisi hau hasi zenetik, 286.571 PCR proba eta 129.996 test azkar egin zaizkie Euskadin 241.283 pertsonari (herritar askori behin baino gehiagotan egin dizkiete probak).

PCR proben bitartez, pertsona batek une horretan bertan birusa duen edo gaixo dagoen jakin daiteke. Test azkarrek, berriz, pertsona bat kutsatuta egon den ala ez jakinarazten dute, baina ez dute zehazten gaixotasuna garatu duen, oraindik duen edo dagoeneko sendatuta dagoen; izan ere, test azkarrek pertsona batek garatutako immunitatea edo sortutako antigorputzak neurtzen dituzte, eta, beraz, iraganeko infekzio bat isla dezakete.

Bestalde, Osasun Sailak azaldu duenez, pertsona bakar batek ere ez du alta jaso ospitalean azken 24 orduetan; guztira 4312 gaixok jaso dute (% 20,6). Halaber, kasu positibo negatibotuak, hau da, PCR probetan positibo eman ondoren negatibo eman dutenak, bederatzi gehiago dira, 13.762 guztira (% 65,7).

Osasun Sailaren esanetan, koronabirusaren eraginez zainketa intentsiboetako unitatean (ZIU) artatu behar izan dituzten pertsonen kopuruari dagokionez, ez dago aldaketarik atzo zabaldutako datuekin alderatuta. Horrela, egun COVID-19ak erasandako sei pertsona daude EAEko zainketa intentsiboetako unitateetan.

Orain arte, guztira 1612 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz EAEn (gaixotu diren guztien % 7,7), Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez.

Azken orduetan, ez dute inor ospitaleratu COVID-19agatik, eta, Osasun Sailaren arabera, 193 pertsona daude ospitaleratuta (187 gela arruntetan eta sei ZIUetan).

*OHARRA*:

Gaurko txostenak aldaketa bat jasotzen du sendatutako pertsonen kopurua jakinarazteko moduan. Batetik, test negatiboa duten pertsonen kopurua bereizten da (PCR bidez positibo eman ondoren, azkenean negatibo eman dute), eta, bestetik, ospitalean alta jaso dutenen kopurua. Osasun Sailak uste du modu hori zehatzagoa dela; izan ere, baliteke, adibidez, ospitalean alta eman zaien pertsonak egotea, eta haien PCRak positibo izaten jarraitzen du, baina ez du ospitaleratuta egon behar.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zabaldutako txostena hainbat profesionalek egiten dute, eta informazioa lantzeko prozesuaren fase ezberdinetan beharrezko diren analisiez arduratzen da bakoitza. Hala, zabaldutako informazioa etengabe berrikusten da, eta zuzenketa txikiak egiten dira egunero.

Nafarroako egoitzetan ez dago COVID-19 kasurik

Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, azken orduetan lau pertsona kutsatu dira koronabirusarekin eta bat ospitalera eraman dute.

Pandemia hasi zenetik, 5.464 lagun gaixotu dira Nafarroan. Une honetan 26 pertsona daude erietxean eta bat zainketa intentsiboko unitatean.

Adinekoen egoitzetan eta desgaitasunen bat duten pertsonen zentroetan, berriz, ez dago inor koronabirusarekin gaixorik. Hori bai, zahar-etxeetako bi egoiliar erietxean daude oraindik.

Carmen Maeztu Eskubide Sozialen kontseilariak zehaztu du asteburuan jaso zutela senda-agiria COVID-19arekin gaixorik zeuden azken egoiliarrek eta pozik agertu da horregatik. "Berri ona da", azpimarratu du.

Bestalde, Espainiako Gobernuko Osasun Sailak azaldu duenez, azken orduetan beste hiru lagun hil koronabirusarekin Estatuan, 12 azken astean. Hortaz, pandemia hasi zenetik 28.346 heriotza izan dira. Horrez gain, 84 pertsona kutsatu dira. Beraz, guztira, 248.970 lagun gaixotu dira Espainian.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Gizarte zerbitzuak Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Adinekoentzako egoitzak gaur Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Euskadiko adinekoak