Gizartea -
Gipuzkoa
Fiskaltzak epaitegira igorri ditu Zubietako isurketaren inguruko ikerketak
Isuria maiatzaren 7an jazo zen, eta ehunka arrain hil ziren Arkaitzerreka errekan. Orain, ingurumenaren aurkako delitu bat egin ote zen ikertzen ari dira.
Agentziak | Erredakzioa
Maiatzaren 7an Zubietako erraustegiaren ondotik igarotzen den Arkaitzerreka errekan izandako isurketaren nondik norakoak argitzeko asmoz hasitako eginbideak amaitu ditu Gipuzkoako Fiskaltzak, eta epaitegira igorri du ehunka arrain hil zituen isurketa horri buruzko txostena, ingurumenaren aurkako delitu bat egin ote zen iker dezan.
Isuria arratsaldeko lehen orduan gertatu zen, eta Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoaren (GHK) arabera, "kanpoko hornitzaile batek zisterna bat deskargatzen ari zela gertatu zen amoniako isuria".
Datu horren berri izan ondoren, GHKk zehapen-espedientea ireki zion instalazioaren emakidaduna den Ekondakin enpresari, eta, aldi berean, barne-ikerketa bat ireki zuen. URA Uraren Euskal Agentziak, berriz, ikerketa bat abiarazi zuen isuriaren jatorria argitzeko asmoz.
Aldi berean, Eguzki eta Anerreka elkarte ekologistek, Zubieta Lantzen plataformarekin batera, gertatutakoa salatu zuten Gipuzkoako Fiskaltzaren aurrean. Horrek eginbideak hasi zituen, eta orain Donostiako Instrukzioko 5. epaitegira igorri ditu ondorioak, gertatutakoari buruzko ikerketak aurrera jarrai dezan.
Isurketagatik prozedura judizialak aurrera jarraituko duela jakin ostean, hiru kolektibo horiek ohar batean iragarri dute auzian herri akusazio gisa aurkeztea aztertuko dutela.
Ohar horretan, hiru elkarteek gogorarazi dute Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak eta haren presidenteak, Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak, "hasiera batean" ukatu egin zutela "erraustegiaren gunean" inolako isurketarik izan zenik, baina azkenean "amoniako isuri bat gertatu zela onartu zuten".
Orain, GHKk eta Asensiok instalazioaren emakidaduna den enpresari gertatutakoarekin lotutako "ardura guztia" kentzea deitoratu dute ohar horretan, "kontratuaren hiru ez-betetze larri egotzita: isuriaren berri ez ematea, isurketa eragin zuen kubetaren diseinua aldatu izanaren berri ez ematea eta PH-metroak funtzionatzen ez zuela ez egiaztatzea".
"Argi dago, beraz, Arkaitzerrekatik igaro eta arrainen hilketaz ohartu ziren bizilagunengatik ez bada, hemen ez lukeela inork gertatutakoa jakingo", dio oharrak.
Talde ekologistek idatzian gogorarazi dutenez, Zigor Kodeak "berariaz jasotzen ditu, ingurumenaren aurkako delituen artean, uren kalitateari edo animalia edo landareei kalte nabarmenak eragiten dizkieten edo eragin diezazkieketen legez kanpoko isurketak".
Arkaitzerrekaren kasuan, hildako arrainen kopurua nabarmena izan zen, batez ere aingirena, gainbeheran dagoen espeziea, Europar Batasunak babestutako berreskuratze-plan bat duena", ondorioztatu dute.