Gizartea -
Arkeologia
Haur perinatal baskoi baten hezurrak aurkitu dituzte Burdin Aroko herri batean
Hezurrez gain, zeramikazko ontziak, errotarriak edota harrizko eta adobezko paretak aurkitu dituzte. Aranzadi Zientzia Elkartearen esanetan, aztarnategiak informazio asko emango die baskoiei buruz.
eitb.eus
Irulegiko (Nafarroa) aztarnategian, Burdin Aroko herri harresidun batean (K. a. 800 urte inguruan sortua, Aranzadi Zientzia Elkartearen ustez) itsas mailatik 900 metrora, 34 eta 38 aste arteko haur baten hezurdura aurkitu dute etxe batean. Herri baskoia zen eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak zoruaren mailak aztertzeko zundaketa bat egiten ari zirela topatu zituzten umearen hezurrak, kubeta moduko batean.
Mattin Aiestaran indusketako zuzendariak azaldu duenez, baskoientzat leku sakratua zen etxea, eta horregatik lurperatu zuten haurra etxe barruan, bertako babesean egoteko eta ez, Burdin Aroan ohikoa zen bezala, gorpua erraustu eta nekropoli batean.
Haurraren gorpuzkiez gain, harrizko eta adobezko paretak, zeramika ontziak, errotarriak eta hazi eta ehizatzen zituzten animalien hezurrak ere aurkitu dituzte. Aztarnak ondo kontserbatu direla azpimarratu dute ikertzaileek, eta horrek "azterketa zientifikoa" egiteko bidea erraztu eta informazio asko biltzeko balioko diela esan dute.
Aiestaranek aurreratu du aurkikuntzak berebiziko garrantzia duela Iruñeko arroko baskoien bizimoduaren inguruko informazioa lortzeko; izan ere, Nafarroa hegoaldean, herri baskoien aztarnak aurkitu badituzte ere, oso gutxi izan dira gune aurre pirenaikoan, Nafarroako mendietan eta Iruñeko arroan egin diren aurkikuntzak.
Mattin Aiestaranek argitu du zonalde horretako herriak "beste guneetakoak bezain aurreratuak" zirela erakusten duela. Antza, herri horietako gizartea kulturalki eta sozialki atzeratuagoa zela uste zen, baina aurkikuntza honek, uste horiek iraul ditzake.
Irulegiko indusketa gune horrek balio historiko eta arkeologiko handia du. Burdin Aroko herriaren kokalekua baino metro batzuk gorago, Irulegiko gaztelua dago. Herriaren eta gazteluaren artean 1.200 urte inguruko tartea dago; hortaz, bistakoa da Irulegik Nafarroako (eta Euskal Herriko) historiako pasarte asko biltzen dituela bere baitan.