Gizartea -

Delitua

Ugaon eta Amurrion drogekin trafikatzen zuen gaizkile-talde bat desegin dute

Hiru gizonek osatzen zuten gaizkile-taldea, eta 25 arma zituzten legez kanpo. Amurrioko garaje batean aparkatutako auto bat erabiltzen zuten zulo gisa.

Ugaon eta Amurrion drogekin trafikatzen zuen gaizkile-talde bat desegin dute. Argazkia: Ertzaintza
Ugaon eta Amurrion drogekin trafikatzen zuen gaizkile-talde bat desegin dute
Arma ugari zituzten hiru trafikatzaile atxilotu dituzte Bizkaian eta Araban

2:21

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

25 arma legez kanpo erabiltzen zituzten hiru pertsona atxilotu ditu Ertzaintzak azken orduetan, Bizkaian eta Araban droga-trafikoan aritzen zen gaizkile-talde bat osatzea leporatuta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ostiral honetan jakinarazi duenez.

Ohar baten bidez azaldutakoaren arabera, gaizkile-talde hori desegiteko polizia-operazioa aste honetan egin dute Ugaon eta Amurrion. Ertzainek 25 arma atzeman dituzte (motzak eta luzeak), baita kokaina, speed, haxix eta marihuana kopuru ezberdinak ere.

Gaizkile-talde horrek Amurrioko etxebizitza-eraikin bateko garaje batean aparkatutako auto bat erabiltzen zuen zulo gisa. "Ezkutaleku" horretan, drogak eta armak gordetzen zituzten. Ibilgailua hautsez beteta zuten, taldekoa ez zen norbaitek autoa miatzen zuen edo ez jakiteko. Ertzaintzak atzeman dituen gainerako gauzak Ugaoko etxebizitza batean zituzten gordeta.

Atzeman dituzten armen artean, errifle militarrak, erasorako subfusilak, hainbat pistola eta errebolber bat daude. Guztira 25 arma, motzak eta luzeak, eta hainbat munizio. Horrez gain, 300 gramo kokaina, 1.800 gramo haxix, marihuana-kukuluz betetako poltsa bat, hiru doitasun-balantza eta 2.800 euro ere atzeman dituzte, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Taldeak Amurrioko garaje batean aparkatutako auto bat erabiltzen zuen zulo gisa
Taldeak Amurrioko garaje batean aparkatutako auto bat erabiltzen zuen zulo gisa
Taldeak Amurrioko garaje batean aparkatutako auto bat erabiltzen zuen zulo gisa

0:43

Taldeak Amurrioko garaje batean aparkatutako auto bat erabiltzen zuen zulo gisa

Ikerketa maiatzean hasi zuten, lapurretekin eta droga-trafikoarekin lotuta aurrekariak dituzten hiru gaizkileak elkarrekin aritzen zirela susmatuta. Jarraipenari esker, lagunak zirela ikusi zuten, eta gaizkile-talde bat osatzen zutela egiaztatu ahal izan zuten.

Taldea droga-trafikoan aritzen zen bi herri horietan, baita inguruko beste udalerrietan ere. Ikerketako arduradunen ustez, urtebete inguru zeramatzaten horretan. Ildo horretatik, legez kanpo zituzten arma horiek erabili dituzten ere ikertzen ari dira, eta horietako batzuk beste delitu batzuetan erabili dituztela uste dute.

Segurtasun Sailaren arabera, 28 urteko gizon bat omen da taldeko burua, baldintzapean aske zegoena, eta zulo gisa erabiltzen zuten autoan ezkutatzen zituzten armak jasotzera zihoala harrapatu zuten, ezustean.

Ordu batzuk geroago, 38 urteko beste gizon bat atxilotu zuten Ugaoko bere etxean, eta hainbat arma aurkitu zituzten han. Hirugarren atxilotua, 45 urteko gizon bat, atzo, osteguna, atxilotu zuten, herri horretako industrialde batean. 45 urteko atxilotuari suzko armaz pertsona bat bahitu izana leporatu diote aurretik.

Hiru atxilotuak datozen orduetan eramango dituzte epailearen aurrera, eta atzemandako material guztia ere horren esku utziko dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Amurrio Bilbo Ertzaintza Bizkaia Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Drogak Salaketak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Ugao Aiarako kuadrilla