Gizartea -

Tiro eremua

Abuztuaren 3tik 6ra Bardean maniobra militar berriak egingo dituztela salatu dute

"COVID-19 pandemian, osasun publikoa sendotu beharrean jolas militarretan dirua xahutzea", kritikatu du tiro eremuaren aurkako asanbladak.

Bardeako tiro eremuaren aurkako manifestazio bat, Tuteran. Artxiboko irudia: EiTB
Bardeako tiro eremuaren aurkako manifestazio bat, Tuteran. Artxiboko irudia: EiTB
Bardeako tiro eremuaren aurkako manifestazio bat, Tuteran. Artxiboko irudia: EiTB

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abuztuaren 3tik 6ra Bardean maniobra militar berriak egiteko asmoa dutela salatu du tiro eremuaren aurkako asanbladak, “hegaztien habia egiteko sasoian eta COVID-19 pandemian”.

“Ariketa militarren inguruko gardentasun eta informazio falta”, kritikatu du kolektiboak ohar batean. “Otsailetik abuztura Bardeako sarbide batzuk itxi dituzte hegaztien habia egiteko saioan, eta fauna babesteko jardunaldiak antolatu dituzte, baina bitartean maniobra militarrak egiteko baimena eman: hipokresia”, azaldu du Asanbladak.

Zentzu horretan, “COVID-19 pandemian, osasun publikoa profesional gehiagorekin eta doako maskarekin sendotu beharrean jolas militarretan dirua xahutzea”, gaitzetsi du kolektiboak.

"Tiro eta bonbardaketa eremu bat hartzen duen parke natural eta biosfera erreserba bakarra da, lotsagarria"

Asanbladaren hitzetan, “altxor publikoa lurperatzen ari dira, osasun publiko, hezkuntza publiko, gizarte zerbitzu edo ezinbesteko beste zerbitzuetan inbertitu beharrean”. “Bardea tiro eta bonbardaketa eremu bat hartzen duen parke natural eta biosfera erreserba bakarra da, lotsagarria”, azpimarratu dute.

“Inguruko herrien ondare honen erabilera kaskarraren aurrean udalen eta Bardeako gainerako erakundeen pasibotasuna”, kritikatu du Asanbladak, baita “gerren suntsipen, atsekabe eta pobrezian laguntzea” ere, “Bardeako instalazio militarra mantenduta”.

Horregatik, tiro eremua desagertzea eskatu du kolektiboak. “Baliabide ekonomiko ikaragarriak osasun krisiaren zein krisi ekonomikoaren ondorioak arintzeko bideratu behar dira, baina instalazio militar anakronikoa desagertzea lortzeko erakundeen inplikazioa beharrezkoa da”, gogorarazi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Tutera Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak