Gizartea -

Koronabirusa

Ermuan "neurri murriztaileak" hartu beharko direla uste du alkateak

Herriko jaiak bertan behera utzi dituztela gogorarazi du alkateak, eta ohartarazi du "delitua" dela jarduera alternatiboak antolatzea, eta zigorrak ezarriko direla.

Ermua. Argazkia: Nerea Ayarzaguena
Ermua.
600 PCR test inguru egin dituzte gaur Ermuan, 71 dira jada foku horri lotutako gaixoak

1:27

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken orduetan 197 koronabirus kasu gehiago atzeman dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), gehienak Gipuzkoan eta Bizkaian. Egun batetik bestera, gaixoen kopurua bikoiztu egin da, neurri handi batean Ermuan zenbatutako positiboen ondorioz.

Hain zuzen ere, Bizkaian kutsatutako 92 pertsonetatik 48 udalerri horretan bizi dira. Kasu horietako askok lotura dute gaur egun Gipuzkoan dauden fokuekin; zehazki, Zarauzko eta Eibarko agerraldiekin.

Testuinguru horretan, COVID-19ak gazteekin ere zerikusia baduela ohartarazi du Ermuko Udalak, eta "arduraz jokatzeko" eskatu die, "kutsatutakoen % 80k baino gehiagok 16 eta 22 urte bitartean baitituzte".

Ildo horretatik, herriko establezimenduetan edukiera mugatzeko "ziurrenik neurri murriztaileak" hartu beharko direla adierazi du Juan Carlos Abascal Ermuko alkateak.

"Jaiak bertan behera utzi ditugu, eta ez da txupinazorik egongo, ezta jarduerarik ere. Jai alternatiboen zurrumurruak entzun ditugu, baina delitua dela ohartarazi nahi diegu ekintza horien antolatzaileei. Ezin gara txantxetan ibili pertsonen bizitzak jokoan dauden kontuekin", azpimarratu du.

Radio Euskadin egindako elkarrizketan, positibo eman duten herritarren senideei eta kontaktu zuzenei Eibarko Ospitalean PCR probak egiten ari zaizkiela esan du alkateak, eta nabarmendu du garrantzitsua dela kutsatutakoek isolamendua gauzatzea eta haiekin kontaktuak izan dituztenek probak egitea.

"Osasun Sailetik jakinarazi digute positiboak oso lotuta daudela selektibitatearen osteko ospakizunekin eta gazteen lokaletan eta etxeetan izan dituzten kontaktuekin. Printzipioz, ez daude herriko inongo tabernari lotuta", adierazi du.

Gipuzkoan, bost taberna itxi dituzte Ordizian, Tolosan, Zumaian eta Soraluzen. Kopuru horiek apirileko datuak gogorarazten dituzte, nahiz eta alarma-egoera indarrean zegoenean positiboek ez zuten loturarik haien artean. Orain, proba gehiago egiten dizkiete herritarrei, eta kutsatutako pertsonen kontaktu estuei jarraituz azaleratzen dituzte kasu berri gehienak.

Adin tarteari dagokionez, kasu berrien ia erdiak gazteen artean eman direla jakinarazi du Osasun Sailak. Hain zuzen ere, positibo berrien % 43 10 eta 19 urte bitarteko gazteak dira.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Ermua Eibar Tolosa Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Zarautz Gizartea Eguneko albisteak Zumaia Ordizia Albisteak Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Koronabirusa