Itxi

Gizartea

Koronabirusaren txertoa

Oxford Unibertsitatearen txertoak antigorputzak sortzen ditu eta "segurua" da

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Ikerlariak pozik agertu dira proba klinikoek emandako emaitzekin, baina txerto eraginkorra izateko oraindik "lan asko" egin beharko dela azpimarratu dute.

1:13
1000 pertsonetan probatu dute txertoa dagoeneko. Irudia EiTBko bideo batetik hartuta.

Oxfordeko Unibertsitatea garatzen dabilen koronabirusaren aurkako txertoa "segurua" dela eta sistema immunologikoa indartzen duela erakutsi dute lehendabiziko proba klinikoek, The Lancet medikuntzari buruzko aldizkariak argitaratu duenez.

Proba horietan 1.077 pertsonek hartu dute parte eta, txertoa jarri ostean, birusari aurre egiteko antigorputzak eta zelula zuriak sorrarazi dizkiete.

Edonola ere, ikertzen jarraitu beharko dute oraindik ez dutelako argitu kutsatzeak epe luzean saihesteko beste antigorputz sortzen dituen edo ez.

Txertoak ondorioak eragiten dituela, baina arriskutsuak ez direla azaldu dute. Proban parte hartu duten pertsonen % 70ek sukarra eta buruko mina izan dute, baina paracetamola hartuta sendatu dira.  

"Txertoa COVID-19aren pandemia kontrolatzeko eraginkorra izango dela baieztatu ahal izateko lan asko egin behar dugu oraindik", azpimarratu Sarah Gilbert ikerlariak.

Txina eta Errusia ere urratsak ematen ari dira

Horrez gain, The Lancet aldizkariak jakinarazi du Txinan egiten ari diren entsegu klinikoetan probatu duten txertoak ere emaitza positiboak eman dituela.

500 laguni jarri diote txertoa eta segurua dela eta antigorputzak sorrarazten dituela egiaztatu dute. Alabaina, oraingoz ez dakite berriro kutsatzea galaraziko lukeen edo ez. Horrenbestez, entseguak egiten jarraituko dute.  

Bestalde, Errusiako Defentsa Ministerioak iragarri duenez, Gamaleya Epidemiologia eta Mikrobiologia Zentro Nazionalarekin batera egindako COVID-19aren aurkako txertoaren proba klinikoen fasea arrakastatsua izan da.

Txertoak ez du zailtasunik eragin, ezta albo-ondoriorik edo nahi ez ziren erreakziorik ere.

Errusiako Gobernuarena arabera, "analisien emaitzek argi eta garbi erakusten dute boluntario guztiek erantzun immunitarioa garatu zutela txertoaren emaitza gisa".

Ekainaren 23an jarri zieten txertoa boluntarioei, eta datorren abuztuaren 4an kontrol analisi batzuk egingo dizkiete, emaitza horiek eta txertoaren kaltegabetasuna baieztatzeko.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena