Gizartea -
Iruñea
Mendillorri auzoko 1.000 gazte baino gehiagori PCR probak egin dizkiete
Iruñeko auzo horretako gazteriaren ia % 60ri egin zaizkie PCR probak. Auzokide horien "erantzun positiboa" txalotu du Nafarroako Gobernuko Osasun Sailak.
AGENTZIAK| ERREDAKZIOA
COVID-19a atzemateko Iruñeko Mendillorri auzoan abiatutako baheketa-dispositiboan parte hartutako gazteriaren "erantzun positiboa" txalotu du Nafarroako Gobernuko Osasun Sailak. Izan ere, 17 eta 28 urte bitarteko mila bizilagun baino gehiagori egin zaie PCR proba, euren burua boluntarioki aurkeztuta.
Joan den ostegunetik gaur arte, 1.044 gazteri egin zaizkie PCR probak Mendillorri BHIan Osasun Sailak zabaldutako karpan. Koronabirus agerraldia atzeman zutenean, proba egiteko eskaera luzatu zieten 17 eta 28 urte arteko 2.300 gazteri.
Horrekin batera, aurreko egunetan beste 288 PCR proba egin dira, aztarnariek egindako jarraipen eta kontaktuen kontrolaren barruan. Auzo horretako agerraldiak gazteengan bereziki izan du eragina.
Gauzak horrela, Mendillorriko gazteen ia % 60ri egin dizkiete PCR probak. Osasun Sailak "positiboki" hartu du gazteen erantzuna, gainera kontuan izanda auzoko bizilagun ugari kanpoan zeudela, oporretan.