Gizartea -

COVID-19

MOxATech, koronabirusa indargabetzeko gai den Portugalgo maskara

Apiriletik salgai dago, baina birusa indargabetzeko gaitasuna orain baieztatu du Lisboako Joao Lobo Antunes Molekula Medikuntza Institutuak.

Jendea maskarekin kalean. Artxiboko argazkia: EFE
Jendea maskarekin kalean. Artxiboko argazkia: EFE
Jendea maskarekin kalean. Artxiboko argazkia: EFE

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

COVID-19aren birusa indargabetzeko gai den maskara bat garatu dute Portugalgo zenbait enpresek eta zentro zientifikok elkarlanean. Lisboako Joao Lobo Antunes Molekula Medikuntza Institutuak (iMM) maskaren fidagarritasuna bermatu du.

MOxATech maskara apiriletik salgai dago, baina birusa indargabetzeko gaitasuna orain baieztatu du iMMk, proiektua osatzen duten erakundeek gaur ohar batean jakitera eman dutenez.

Maskarak birusa indargabetzen duen estaldura bat du. Aldalberto ekoizleak, MO enpresa txikizkariak, Sonae Fashionek, CITEVE teknologia zentroak, iMMk eta Universidade do Minhok garatu dute lankidetzan.

Pedro Simas iMMko birologoak probak zuzendu zituen. Simasen hitzetan, probek “SARS-CoV-2 birusaren indargabetze eraginkorra egiaztatu dute, baita 50 aldiz garbitu ondoren ere; ordubete maskarako ehundurarekin kontaktuan izan ondoren birusaren % 99 desagertzen da”.

COVID-19aren birusa indargabetzeko eraginkortasuna iMMk baieztatu baino lehen, maskara H1N1, Corona-type eta rotabirus izenekoei aurre egiteko baliagarria zela egiaztatu zuen Lilleko (Frantzia) Institut Pasteurrek.

Maskarak ehundura teknikoa eta zenbait geruza ditu. Iragazgaitza eta berrerabilgarria da. Bestalde, Frantziako Direction Generale des Entreprisesen ziurtagiria jaso zuen maskarak, partikulen % 96ri eusten zielako, baita 50 aldiz garbitu ondoren ere.

Maskara Portugalgo MO markaren dendetan bakarrik dago salgai oraingoz, Europar Batasuna osoarentzako bada ere. Portugalgo eta atzerriko beste marka batzuei maskara banatzeko aukera eman diete.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Zientziaren hedapena Portugal Koronabirusa Maskarak gaur