Gizartea -

COVID-19

Valladolideko bi udalerri konfinatzea baimendu du epaile batek, agerraldi batengatik

Iscar eta Pedrajas de San Esteban udalerrietan 9.500 biztanle bizi dira, eta konfinamendua dela-eta, besteak beste, irteerak eta sarrerak mugatuak izango dituzte.

Valladolideko Iscar udalerriaren irudietako bat. Argazkia: EFE
Valladolideko Iscar udalerriaren irudietako bat
Valladolideko Iscar udalerriaren irudietako bat. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

COVID-19a geldiarazteko plana Valladolideko Iscar eta Pedrajas de San Esteban udalerrietan ezartzea baimendu du Valladolideko Instrukziozko 6. Epaitegiak. Bi udalerriek guztira 9.500 biztanle dituzte, eta egungo COVID-19aren agerraldia ikusita, horiek konfinatzea erabaki dute agintariek.

Gaztela eta Leongo Gobernuak ohar baten bidez jakitera eman duenez, iragarritako neurrien artean, irteerak eta sarrerak mugatuak izango dituzte, lanagatik edo bestelako arrazoi justifikatuengatik salbu. Dena dela, bi udalerri horien artean normaltasunez mugitu ahalko dira.

Iscar udalerriko agerrialdian, 22 kasu positibo atzeman ziren astelehenean, eta azken orduetan, berriz, 42 izan dira zenbatutakoak. Horietatik, 17 hegazti-hiltegi bateko langileak dira eta 25 familiartean kutsatutakoak. Agerraldia uztailaren 11an langileek egindako bazkariarekin lotuta egon liteke.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Deseskalatzea