Gizartea -

KORONABIRUSA

Zahar-etxeetako bi langilek positibo eman dute Araban eta zortzik Gipuzkoan

Oraingoz, zentroetako gainerako langile eta erabiltzaileei egin zaien frogetan ez da pertsona kutsatu gehiago atzeman.

Adineko pertsonak maskarak erabiltzen. Argazkia: EFE.
Adineko pertsonak maskarak erabiltzen. Argazkia: EFE.
Adineko pertsonak maskarak erabiltzen. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako adinekoen egoitzetako bi langilek positibo eman dute PCR probetan. Oraingoz, bi zentroetako gainerako langile eta erabiltzaileei egin zaien frogetan ez da kutsatutako pertsona gehiago atzeman.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak Diputatuen Kontseiluaren bileraren ostean emandako prentsa agerraldian azaldu duenez, Ariznabarra eta Alberti Etxea dira positiboak atzeman dituzten egoitzak, eta lurraldeko gizarte baliabideetan egoera "kontrolpean" dagoela azpimarratu du.

Gonzalezek hizpide izan ditu baita ere adinekoen egoitzetako erabiltzaileen familiek egindako kexak. Horien arabera, pertsonak kutsatzeko hartutako neurrien ondorioz, bisiten erregimena murriztaileegia da.

Ahaldun nagusiak gogorarazi du azken egunotan malgutu egin direla bisita horien baldintzak, baina beti zuhurtziaz, COVID-19aren aurrean kolektibo "ahulenetako" bat babesteko.

Hala ere, Gonzalezek azaldu du familia gehienek babesa helarazi diotela foru erakundeari, garrantzitsuena "egoiliarren bizimodua" dela uste dutelako. Diputazioak, berriz, adierazi du bisita erregimena pandemiaren bilakaeraren arabera egokituko dela.

Gipuzkoako adinekoen egoitzetan zortzi langilek positibo eman dute, baina erabiltzaile bakar batek ere ez

Gipuzkoako adinekoen egoitzek zortzi positibo izan dituzte beren langileen artean; hau da, aurreko astean baino bi positibo gehiago, eta ez dute kasu positiborik erregistratu erabiltzaileen artean.

Aldundiak eguneratu egin ditu COVID-19ak lurraldeko egoitza-baliabideetan duen eraginari buruzko datuak. Gizarte Politiketako sailak bildutako datuen arabera, gizarteratze sareak kasu positiborik gabe jarraitzen du. Foru erakundeak 54 baliabide ditu eremu horretan, 225 plaza eta 192 etxebizitza guztira.

Adingabeei bideratutako egoitza zerbitzuetan ere ez dago positiborik, PCR testetan positibo eman zuten sei pertsonak sendatu baitira jada. Zerbitzu horiek 400 adingabe artatzen dituzte guztira.

Gizarte Politikako departamentuak aktiboki mantentzen du Zaintza eta Alerta Sistema, Gipuzkoako gizarte zerbitzu eta baliabideetan koronabirusari aurre egiteko, eta horrela "birusaren aurrerapena denbora errealean zaindu eta gizarte baliabideak eta zerbitzuak indartzeko".

Aldundiak osasun neurriak "zehatz-mehatz betetzeko" deia berretsi du, "maskara beti erabiliz, norbere burua babesteko eta besteak COVID-19aren mehatxutik babesteko metodo eraginkor gisa".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, berriz, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Medikuntza albisteak Adinekoentzako egoitzak Koronabirusa olatu berria Deseskalatzea Arabako Foru Aldundia Gizarte zerbitzuak berriak Gipuzkoako Foru Aldundia azken ordukoa