Gizartea -
BARAKALDO
Urkullu parkea itxi dute Barakaldon botiloia saihesteko
Orain arte, Udaltzaingoak 21 salaketa akta egin ditu botiloia praktikatzeagatik, eta 169 salaketa jarri dizkie maskarak erabiltzen ez zituztenei edo gaizki erabiltzen dituzten pertsonei.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Barakaldoko Udalak Errontegi auzoko Urkullu parkea ixtea erabaki du kale-zurruta saihesteko, gazte-koadrilen presentzia etengabea antzeman den puntuetako bat baita.
Udalak esanaren arabera, erabakia Ertzaintzako eta Udaltzaingoko arduradunekin ostiral honetan izandako bilera baten ondoren hartu du. Batzar horretan herrian atzemandako covid-19 kasuen gorakada ere aztertu da.
Azken egunetan etengabe gertatzen ari diren auzo-salaketak eta udaltzainek jasotako datuak aztertu dira, eta jakinarazi da Urkullu parkean gazte koadrilak zeudela gaueko ordu txikietara arte botiloia egiten.
Udalak adierazi duenez, bileran parkeko sarbideak ixtea erabaki dute, eta ostiraletik bertara sartzea debekatuta dagoela adierazteko argibideak eman dituzte. Datozen egunetan hesi altuagoak jarriko dituzte parkearen inguruan jendeak gainetik salto egin ez dezan, egungoekin hori gertatzen baita.
Amaia del Campo Barakaldoko alkateak adierazi du herrian antzeman diren koronabirus kasuen gorakadak "kezka" sortzen duela, eta "Barakaldon orain arte fokurik atzeman ez den arren, kaltetuen kopuruak gora egiten jarraitzen duela" ohartarazi du.
Del Campok herritarren laguntza eskatu du botiloia egiten ari diren pertsonen presentzia hautematen denean edo etxe partikularretan jaiak egiten ari direla susmatzen denean Udaltzaingoarekin edo Ertzaintzarekin harremanetan jartzeko,.
Orain arte, Udaltzaingoak 21 salaketa-akta egin ditu botiloia egiteagatik, eta 169 salaketa jarri dizkie maskarak erabiltzen ez zituzten edo behar ez bezala erabiltzen zituzten pertsonei.